Itxi

Siria

Estatu Islamikoak Kenji Goto gatibu japoniarra hil du

Erredakzioa

Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak kazetari japoniarraren hilketa 'arbuiagarria' gaitzetsi du. Estatu Islamikoak hilketaren berri ematen duen bideoa argitaratu du larunbat honetan.

Kenji Goto. Argazkia: youtube.

Estatu Islamikoak Kenji Goto kazetari japoniarra hiltzeko egin zuen mehatxua bete egin du larunbat honetan eta lepoa moztu dio. Hala adierazi du larunbat honetan argitaratutako bideo batean.

Dena den, Estatu Islamikoak ez du argitu Muaz Kasasbeh pilotu jordaniarraren onik dagoen ala ez.

Aipaturiko bideoak minutu bateko iraupena du eta bertan Kenji Goto ikus daiteke, belauniko, eskuburdinak jarrita eta buzo laranja bat jantzita. Bideo berean, Estatu Islamikoak Japonia kritikatu du haren kontrako nazioarteko koalizioan parte hartzeagatik eta, orain, Japoniarentzat amesgaiztoa hasi dela nabarmendu du.

Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak kazetari japoniarraren hilketa "arbuiagarria" gaitzetsi du. "Ekintza terrorista arbuiagarri honen aurrean, sumindura sakona sentitzen dut", adierazi du Shinzo Abek kazetarien aurrean. "Ez diet terrorista horiei inoiz barkatuko", gaineratu du.

Albisteak (2)