Erasoak
Estatu Islamikoak 137 lagun hil ditu Yemenen, bi atentatutan
Erredakzioa
Terrorista suizidek egin dituzte erasoak, hankan jarritako igeltsuan ezkutatuta zuten lehergaia zartarazita.
Estatu Islamikoak gutxienez 137 pertsona hil eta beste 357 zauritu ditu Sana Yemengo hiriburuko bi meskitaren kontra egindako atentatuetan, Barne Ministerioak prentsa-ohar batean jakitera eman duenez.
Terrorista suizidek egin dituzte erasoak, hankan jarritako igeltsuan ezkutatuta zuten lehergaia zartarazita.
Al Hashush eta Badr meskitak dira atentatuak jasan dituztenak, eta xii errebeldeek osatzen duten hutien buruzagiak joan ohi dira bertara.
Bi atentatuetan bina erasotzaile joan dira eta berdin jokatu dute. Izan ere, bietako batek kontrol postuan zartarazi ditu lehergailuak, eta besteak une hori aprobetxatu du barruan sartu eta jende artean eztanda egiteko.
Yemenen gatazka politiko handia bizi dute, eta larritu egin da Abdo Rabu Mansur Hadi presidenteak dimisioa eman eta gero atzera egin eta presidente izaten jarraitzen zuela esan ondoren.
Al-Qaidak Yemengo 29 soldadu hil ditu Al Hotan
Gainera, armadun gizon talde batek (ustez Al-Qaida talde terroristako kideak) Yemengo 29 soldadu hil ditu Al Hota hirian, Lahsh probintzian, herrialdeko hegoaldean, segurtasun iturri batek jakitera eman duenez.
Ustezko terroristek Gobernuaren egoitzei eraso egin diete Al Hotan. Adengo portutik 60 kilometrora dago hiria. Eraikuntzak babesten zituzten soldaduak harrapatu eta hil dituzte erasotzaileek.
Poliziako iturriek azaldu dutenez, erasotzaileek soldaduak harrapatu eta hiriko etxe batera eraman dituzte. Ondoren kalera atera eta tirokatu dituzte jendaurrean.