Itxi

AEB – Kuba harremana

Kuba 'terrorismoaren zerrenda beltzetik' ateratzea erabaki du Obamak

Agentziak | Erredakzioa

1982. urtetik dago Kuba "terrorismoa babesten duten herrialdeen zerrendan", eta, ondorioz, Washingtonek zigorrak jarri dizkio ordutik. Besteak beste, Iran, Sudan eta Siria daude zerrenda horretan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Kongresuari jakinarazi dio Kuba "terrorismoa babesten duten herrialdeen zerrendatik" ateratzeko erabakia hartu duela. 1982. urtetik dago zerrenda horretan, eta, ondorioz, Washingtonek zigorrak jarri dizkio ordutik.

"Kuba terrorismoa babesten duen herrialdea ez dela egiaztatzen duten ziurtagiriak eta txostena Kongresura igorri ditu presidenteak", adierazi du Josh Earnest Etxe Zuriko bozeramaileak ohar baten bidez.

Estatu Departamentua arduratzen da zerrenda hori eguneratzeaz. Kubak urteak daramatza zerrendatik kentzeko eskatuz, izan ere, bertan dagoenetik, Washingtonek hainbat zigor jarri dizkio; besteak beste, laguntza ekonomikoak jaso eta armak saltzeko debekua. Zerrenda horretan, Kubarekin batera, besteak beste, Iran, Sudan eta Siria daude.

"Azkeneko sei hilabeteotan Kubak ez du nazioarteko terrorismoa babestu eta etorkizunean ere ekintza terroristak babestuko ez dituela bermatu du", dio Obamak Kongresuari bidalitako mezuan.

Kongresuak orain 45 eguneko epea dauka Obamaren erabakia aztertzeko, eta kontra agertuz gero, lege-proiektu bat aurkez dezake presidentearen ebazpena atzera botatzeko.

Panaman egindako goi-bileran Barack Obamak eta Raul Castro Kubako presidenteak bilera historikoa egin zutenetik hiru egun igaro direnean iritsi da AEBko presidentearen erabakia. Bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoak normalizatzeko beste urrats bat izan daiteke gaurko iragarpena.

 

Albisteak (5)

Bideoak (1)