Itxi

Grezia

Varoufakis: 'Ongi etorria ematen diot Eurotaldeko kideen gorrotoari'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministroak aitortu duenez, Eurotaldeko bere kideek 'gorrotoa' diote.

Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministroa. Artxiboko irudia: EFE

Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministroak onartu du Eurotaldeko bere kideek "gorrotoa" diotela eta gorroto horri "ongi etorria" ematen diola adierazi du Twitterreko haren kontuan.

"Nirekiko gorrotoan bat datoz. Eta nik ongi etorria ematen diote beren gorrotoari", idatzi du Franklin D. Roosevelt AEBko presidente ohiak 1936an presidente hauteskundeetarako kanpainako ekitaldi batean erabilitako esamolde bat parafraseatuz.

Ostiralean Eurotaldearen bileran parte hartu zuten hainbat ministrok hedabideei kontatutakoaren arabera, Varoufakisen kontrako gorroto eta presio giroa egon zen.

Eurotaldearen bileraren ondotik Varoufakisek baieztatu zuen "desadostasunak" daudela Atenasen eta hartzekodunen artean, baina azken asteotan lortutako konbergentzia nabarmendu zuen.

Greziar gehienak, hartzekodunekin akordioa lortzearen eta euroan segitzearen alde

Greziar gehienak hartzekodunekin adostasun bat lortzearen eta euroaren eta Europar Batasunaren barruan jarraitzearen alde daude. Gainera, Alexis Tsiprasen Gobernuarekiko itxaropena jaitsi egin bada ere, Syriza da oraindik ere irabazle argia inkestatan.

Kappa Research institutuak egindako inkesta baten arabera, greziarren % 71,9 Europako erakundeekin adostasun bat lortzearen aldekoak dira. Gainerakoek (% 23,2), ostera, nahiago dute Europarekin "hautsi".

Bestalde, % 72,9k euroan jarraitu nahi dute eta % 20,3k, alabaina, dracmara itzuli nahi dute.

Albisteak (4)