Lurrikara Nepalen
Milaka pertsona Katmandutik ihes egiten ari dira
Agentziak | Erredakzioa
39 espainiar zeramatzan bigarren hegazkin batek Madrilen lur hartu du arratsaldean. Besteak beste, Txentxo Jimenez politikari nafarra hegaldi horretan heldu da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Katmandu larunbateko lurrikaran hildakoei azken agurra ematen ari zaie. Bien bitartean, milaka lagun suntsitutako hiriburutik ihes egiten ari dira. Herrialde osoko eta atzerrian bizi diren nepaldarrak, ostera, Katmandura heltzen ari dira, eta euren senitartekoei gertatutakoren berri izan nahi dute.
Aarya Ghaten, toki santua Shiva jainko hinduaren tenplu arrailduaren babesean, hileta txondorrek ez dute etenik, ezta negarrek eta biktimen senitartekoen atsekabeak ere.
Lurrikarak 5.000 hildako baino gehiago eta 10.000 zauritu utzi dituela jakitera eman du Gobernuak hondamendiaren azken balantzean. Errepideko loturak berreskuratzen doazen heinean, Nepalen gertatutakoa ezagutzeko prestatzen ari da hiriburua. Gaur goizean, bestalde, 15 urteko gazte bat onik aurkitu dute Katmandun. Bost egun eman ditu hondakinen azpian.
Hondamendiaren kalteak zenbatzeko gai ez dela onartu du Nepalgo Gobernuak, larrialdi zerbitzuek urrutiko lekuetara heltzerik ez dutelako. Hala ere, lurrikarak 450.000 desplazatu eragin dituela jakinarazi du Exekutiboak. Bestalde, hondamendiak ia 95.000 azpiegiturari kalte egin die.
Katmanduko ospitaleak lepo daude, baina herrialdeko beste barruti batzuetatik zaurituek heltzen jarraitzen dute.
Kaltedunak herrixketatik hiriburura arteko bidea ahal duten moduan egiten ari dira. Bitartean, 340.000 pertsonek Katmanduko ibarretik ihes egin dute dagoeneko, hiriburuko Poliziaren arabera. Erreplikei eta gaixotasunei beldur diete biztanleek.
Nepalgo Larrialdi Operazioen Zentro Nazionalak, aldiz, 420.000 lagunek Katmandutik ihes egin dutela esan du. Autobus, kamioi eta ibilgailu ugari hiritik ateratzen ari dira etengabe. Askok ibilgailuetako sabaietan igota edo ate zein leihoei oratuta ihes egin dute Katmandutik.
Premiazko laguntzarako 415 milioi dolar behar dituzte
Datozen hiru hilabeteetan kaltedunei laguntzeko (kanpin-dendak, ura, elikagaiak eta zerbitzu medikoa) 415 milioi dolar beharko dituztela uste du NBEk.
Milioi erdi kanpin-denda behar dituztela onartu du Nepalgo Gobernuak. Orain arte 4.700 kanpadenda bakarrik banatu dituztela jakitera eman du.
Batzuek Katmandutik ihes egiten duten bitartean, beste batzuk hiriburura iristen saiatzen ari dira. Hegazkinean heltzen diren ehunka nepaldarrek ikara eta estutasuna marrazturik dakarte aurpegietan.
Kalteak kultura ondarean
Lurrikarak milaka hildako uzteaz gain, Nepalgo kultura ondareari kalte handiak egin dizkio. Nazio Batuen Kulturako Erakundeak munduko ondare izendatutako ia toki guztietan kalteak eragin ditu lurrikarak.
Katmanduko Bashantapur Durbar enparantza enblematikoko tenplu eta monumentu historikoak suntsitu edo hondakinetan utzi ditu hondamendiak.
Bigarren hegazkin bat Madrilera heldu da
Bestalde, New Delhitik espainiarrak ekarri dituen bigarren hegazkinak 18:00etan lur hartu du Adolfo Suarez-Madril Barajas aireportuan. Hegaldiak 48 bidaiari zeramatzan, horietatik 39 espainiarrak ziren. Besteak beste, Txentxo Jimenez politikari nafarra hegaldi horretan heldu da.
Hegazkina Atzerri Ministerioak pleitatu du. Goizean beste hegazkin batek 44 espainiar ekarri ditu. Jose Manuel Garcia-Margallo ministroa hegaldi horretan itzuli da. Hegazkinak 9:15ean lur hartu du Torrejon de Ardozen.
Azken datuen arabera, Nepalen lurrikararen unean zeuden 83 espainiarren berri ez du Ministerioak. Katmandun hiru lagun geratu dira, tartean Iñigo Castiñeyra donostiarra, lurrikara baino lehen zauritutako mendizalea. Atzerri Ministerioaren arabera, ez du premiazko laguntzarik behar.