Itxi

Are gehiago espero dira

Nepalek ez du oraindik laguntza jaso eta 7.000 dira hildakoak jada

Agentziak

Bestalde, Katmanduko behin behineko kanpalekuetan zeuden biktimen % 75ek alde egin dute. Atzo bi lurrikara izan ziren aurreko asteko epizentrotik gertu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Nazio Batuek soilik jaso dute nazioarteari eskatutako laguntza humanitarioaren % 2 inguru, Nepalgo lurrikararen biktimak artatzeko, erakundeak jakinarazi duenez.

Orain arte 68 milioi dolar jaso badituzte ere, errefuxiatuentzat, elikagaiak erosteko eta hasierako konponketa lanak egiteko eskatutako 615 milioitik, 7,5 milioi baino ez dute jaso.

7.000 baino gehiago dira hildakoak dagoeneko eta 14.000 zaurituak, orain dela astebete baino gehiago Nepal astindu zuen lurrikararen ondorioz; erreskate taldeak hondakinak jasotzen eta agintariak gehien kaltetutako guneetara laguntza helarazten ari diren bitartean.

Izan ere, Sushil Koirala lehen ministro nepaldarrak Katamandun ohartarazi duenez, Nepalek bizi duen krisia okerrera egin liteke kaltedunek laguntza ez badute jasotzen, montzoiak euriteak ekarri baino lehen.

"Lehen ministroak ziurtatu egin du biktimen arazoek okerrera egingo dutela, montzoia heldu baino lehen ez badituzte konpontzen", alegia, ekaina baino lehen, esan du Koiralaren ordezkari batek Himalayan Times egunkarian.

Elikagaien Nazioarteko Programako ordezkariek egindako bilera batean egin ditu adierazpenak Koiralak. Bertan, ziurtatu egin du ez duela sekula aurreko asteburukoa bezalako lurrikararik gerta zitekeenik pentsa.

21 espainiar topatu gabe

Aurkitu gabe dauden espainiarren kopurua 35etik 21era jaitsi da, Jose Manuel Garcia-Margallo Kanpo Arazoetarako ministroak prentsaurreko batean adierazi duenez.

Ministroaren hitzetan, kopuruak behera egin du herrialdetik alde egin duten herritarren izenak konprobatu dituztelako, Nepalgo immigrazioaren agintariek.

Halaber, Garcia-Margalloren arabera, "ez dago aberkiderik harremanetan jarri gabe" Everest, Annapurna eta Shisha Pangma inguruetan, alegia, Gobernua gehien kezkatzen zuten guneak "hondamendiaren hasieratik" eta "soilik falta dira 7 espainiar topatzeke", Langtang bailaran.

100 urteko nepaldarra erreskatatuta

100 urte baino gehiago dituen nepaldar bat erreskatatu dute bere etxeko hondakinen artean, lurrikaratik astebete ingurura, esan dio iturri ofizial batek Eferi.

Fanchu Ghale izeneko adinekoa atzo topatu zuten Nepalgo Poliziako erreskate talde batek, Nuwakot distrituan (Katmanduko iparraldean), Laxmi Prasad Dhakal Barne Ministerioko bozeramale baten arabera.

"Zenbait hedabidek adinaren inguruan espekulazioa egin duten arren, esan dezakegun gauza bakarra da 100dik gora urte dituela, baina ez dakigu zehatz-mehatz zein adinekoa den", esan du Dhakalek.

Gainera, erreskate zerbitzuek Kantipur bertoko hedabideari jakinarazi diotenez, Ghaleren osasun egoera ona zen itxuraz, ezpainetan zituen zauri arin batzuk gorabehera.

7.000 baino gehiago dagoeneko

Nepal orain astebete astindu zuen lurrikarak 7.040 hildako eta 14.123 zauritu baino gehiago eragin ditu dagoeneko, Nepalgo Gobernuak zabaldutako azken datuen arabera, baina kopuruak gora egitea espero dute, herrialdeko leku baztertuenetara heldu ahala.

Arriskuak Murrizteko Patzuergoak (zenbait erakundek osatutako erakundea, tartean NBE dago) kalkulatu du lurrikarak 2,8 milioi pertsona mugiarazi dituela (28 milioi biztanle dira, orotara).

Aipatutako iturriaren arabera, seismoak 160.786 etxebizitza suntsitu eta beste 143.673 kaltetu ditu, Himalaiako herrialdean. Gainera, 415 milioi dolar eskatu ditu Nepalen sortutako krisialdi humanitarioari aurre egiteko.

Bestalde, Katmanduko behin behineko kanpalekuetan -Gobernu nepaldarrak jarritakoak- zeuden biktimen % 75ek alde egin dute, militarrek adierazi dutenez.

Thudikelekoa da Nepalgo hiriburuko kanpalekurik handiena eta, bertan, 1.200-2.000 lagun daude, baina aurreko astelehenean 9.000-12.000 pertsona zeuden, izena sekretuan mantendu nahi izan duen gudari baten arabera.

Egoera hori -argitu du- Katmandun sakabanatutako beste 15 kanpalekuetan ere badago. Barne Ministerioaren azken balantzeak zehaztu zuen 22.905 etxe suntsitu zituen dardarak eta beste 60.855 kaltetu.

Atzo, beste bi lurrikara izan ziren, 4,2 eta 4 gradukoak, AEBko Geologia Zerbitzuaren esanetan, baina lekutan daude aurreko asteburuko 7,8 graduko lurrikaratik.

Madhav Pudasaini 36 urteko saltzailea, esaterako, Thudikeleko kanpalekuan dago eta, azaldu duenez, ezin du alde egin ez duelako ez etxerik ez dendarik; beraz, Gobernuaren konponbideren baten zian dago ordutik.

"Ez dakit noiz alde egingo dudan, ez nora joango naizen. Bertan jarraituko dut konponbiderik izan arte", esan du Pudasainik.

 

 

Albisteak (3)

Bideoak (2)