Dallas
Estatu Islamikoak bere gain hartu du Dallasen egindako atentatua
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estatu Islamikoak AEBri ohartarazi dio etokizunean gauza "gogorragoak eta garratzagoak" etorriko zaizkiola.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Dallasko (AEB) Poliziak Mahomari buruzko karikaturen erakusketa polemiko batean agente bat tirokatu zuten bi gizonezko hil zituen atzo goizaldean.
Gaur, Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa, Interneten duen irrati-katearen bitartez. "Kalifatzako bi soldaduk marrazki erakusketa baten aurkako erasoa egin dute Garlanden, AEBn", esan du irrati-esatariak.
Ondoren, Estatu Islamikoko ustezko kide batek honako mezua bidali dio AEBri: "Datorrena gogorragoa eta garratzagoa izango da; Estatu Islamikoko soldaduek gauza ikaragarriak egiteko gai direla ikusiko duzue".
NBC telebista-katearen arabera, bi gizonezkoak autoz iritsi ziren erakusketa hartzen duen kultur etxera, eta, ondoren, tiro egin zuten agente baten aurka. Zentroaren barruan zeuden 50 pertsonak ebakuatu, eta eskola batera eraman zituzten. Alboan dauden dendak eta lokalak ere hustu zituzten.
WFAA telebista-kateak gaineratu zuenez, baliteke bi gizonezkoak lehergailuak eraman izana.
Kultur etxeak segurtasun neurri zorrotzak zituen, Mahomari buruzko karikaturen erakusketa oso polemikoa izan baita. AEBko Askatasunen Defentsarako Ekimenak antolatu du, urtarrilean Dallasen talde islamiko batzuek hainbat ekitaldi egin ostean.
Mahomaren irudiak publikatzea debekatuta dago Indian eta herrialde musulmanetan, eta, horrenbestez, probokazio gisa hartzen dute erlijio horretako fededunek. Mendebaldean, baina, adierazpen askatasuna aldarrikatzen dute Islamaren profeta irudiztatu ahal izateko.