Itxi

Langtang bailara

Roser Palau, Nepalgo lurrikaran hildako lehen espainiarra

Agentziak | Erredakzioa

Bestalde, Espainiako Kontsulatuak babes gabe utzi zituela salatu dute Aitor Gonzalez eta Patxi Peña Arabako mendizaleek. Kontsulatuak etxera itzultzeko kudeaketak berandu egin zituela kritikatu dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

37 urteko Roser Palau kataluniarra Nepal duela hamar egun txikitu zuen lurrikaran hildako lehen espainiarra da. Palauren gorpua Langtang ibarrean aurkitu dute. Lurrikarak Langtang gogor astindu zuen. Espainiatik bidalitako erreskate taldeak desagertutako gainerako espainiarrak bailaran bilatzen ari dira.

Espainiako herritarraren heriotza baieztatu du gaur Atzerri Ministerioak. Gorpua “lehenbailehen” Espainiaratuko dutela zehaztu du Ministerioak. Bestalde, desagerturiko espainiarren kopurua murriztu du Gobernuak, 13tik zortzira.

Xavier Godas Vilassar de Dalteko (Bartzelona) alkateak hildakoaren nortasuna baieztatu du; izan ere, Palau bertan bizi zen.

Kataluniako emakumea bakarrik bidaiatzen ari zen. Langtang parke nazionalean trekkinga egiten ari zen.

Lurrikararen unean, Langtangen aurkitzen ziren zazpi espainiarrak hurrengoak dira: Mixel Pizarro aragoiarra, Isabel Ortiz kantabriarra, Sabino Fernandez, Jesus Monteirin, Egidio Garcia eta Angel Hernandez Muñiz asturiarrak eta Roser Palau kataluniarra.

Duela hamar egun Nepal astindu zuen lurrikarak 7.500 hildako eta 14.400 zauritu baino gehiago utzi ditu dagoeneko, Nepalgo Gobernuak jakitera eman dituen azken datu ofizialen arabera.

Babes falta salatu dute Arabako mendizaleek

Bestalde, Espainiako Kontsulatuak babesik gabe utzi zituela salatu dute Aitor Gonzalez Perez eta Patxi Peña Sagastuy Arabako mendizaleek. Kontsulatuak etxera itzultzeko kudeaketak berandu egin zituela kritikatu dute.

Langtango zeharkaldia egiteko Nepalen zeuden Gasteizko bi kirolariak. Kianjin Gumban ezustean harrapatu zituen lurrikarak apirilaren 25ean. Trekkingaren herririk garaiena zen, 3.830 metrora.

Danimarkako, Norvegiako eta Suediako kontsulatuekin alderatuta, tragediako tokitik ateratzeko Espainiako buruzagien atzerapena kritikatu dute mendizaleek agiri batean. Danimarkako, Suediako eta Norvegiako arduradunek bost egun behar izan zituzten herrikideak Nepaletik ateratzeko.

Arabako mendizaleek zazpi egun itxaron behar izan zituzten, maiatzaren 1era arte. Senitartekoek antolatuta, helikoptero batek Trisulira eraman zituen. Bertan Israelgo talde batek autobus pribatu batean hartu eta Katmandura eraman zituen. Egun horretan bertan hegaldi bat hartu zuten eta maiatzaren 2an Gasteizera heldu ziren.

Albisteak (6)

Bideoak (2)