Itxi

Brusela

Eurotaldeak txalotu egin du Greziak egina, baina 'gehiago' eskatu dio

agentziak | erredakzioa

Yanis Varufakis Greziako Finantza ministroak esan du posible dela erakundeek "bi asteren buruan" akordioa lortzea, likidezia arazoak larritu aurretik.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eurotaldea osatzen duten euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroek txalotu egin dute Greziarekin egiten ari diren negoziazioetan egindako "urratsak", baina adostasunera iristeko esfortzu handiagoa egiteko eskatu diote herrialdeari.

"Ongietorria ematen diogu orain arte lortutakoari", adierazi dute ministroek Bruselan gaurko bileran adostutako adierazpen publikoan.

Euroguneko kideek, era berean, begi onez jo dituzte negoziazio taldean Atenasek egin dituen aldaketak, lanak "aurreratzea ahalbidetu" dutelako.

"Era berean, aitortzen dugu denbora eta esfortzu gehiago behar dela oraindik irekita dauden gaietan distantzia murrizteko", azpimarratu dute.

Gainera, negoziazioetarako eta irtenbidea lortzeko erreferentzia otsailaren 20ko akordioa, erreskatea luzatzea, dela azpimarratu du.

Akordio horretarako erreforma batzuk hitzeman zituen Greziak, eta orain eztabaidatzen ari dira Greziako agintariak eta Europako Batzordea, Nazioarteko Diru Funtsa eta Europako Banku Zentrala.

Hiru erakunde horiek erreformei oniritzia ematen dietenean, "Eurotaldeak erabakiko du zenbateko funtsak eman egungo egitasmotik", adierazi dute ministroek, 7.200 milioi euroko bigarren erreskatearen harira.

Varufakisek bi asteko epea eman du

Yanis Varufakis Greziako Finantza ministroak esan du posible dela erakundeek "bi asteren buruan" akordioa lortzea, likidezia arazoak larritu aurretik. "Likideziarena oso premiazko gaia da", gaineratu du.

Era berean, Varufakisek uste du Eurotaldeak aurrerapausoak azpimarratu nahi izan dituela, akordioetara iristeko klima onari eusteko.

Greziak 750 milioi ordainduko dizkio bihar NDFri

Bestalde, Greziak 750 milioi euro emango dizkio bihar NDFri, maileguaren zati bat. Aurten, Greziak zegokionean egin ditu maileguaren (6.000 milioi euro) ordainketak.

Albisteak (3)

Bideoak (1)