Itxi

Grezia

Greziak ez dizkio 1.600 milioi euro itzuliko NDFri ekainean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Greziako Barne ministroak eman du horren berri, eta negoziazioak ekainaren bukaera edo uztailaren hasierara arte luzatu daitezkeela esan du.

ALexis Tsipras Greziako lehen ministroa. Artxiboko irudia: EFE

Nikos Vutsis Greziako Barne ministroak adierazi du bere herrialdeak ez dizkiola Nazioarteko Diru Funtsari (NDF) zor dizkion 1.600 milioi euroak itzuliko ekainean; izan ere, orduan amaitzen da maileguaren lau zati itzultzeko epea.

"Ekainaren 5etik 19ra bitartean, 1.600 milioi euro itzuli behar zaizkio Nazioarteko Diru Funtsari. Ordainketa ez da egingo, ez baitago dirurik. Hori gauza jakina da, eta herrialdeari arnasa hartzea ahalbidetuko dion akordioa eztabaidatzen ari gara orain", esan du Vutsisek Mega telebista kateari eskainitako elkarrizketan.

Barne ministroak aitortu du gai batzuetan desadostasun handiak dituztela, baina azpimarratu du itun batek "arnasa" emango liokeela herrialdeari.

Soldatak eta pentsioak murriztea, lan merkatua liberalizatzea eta BEZa erreformatzea eskatzen diote erakundeek (Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa) Greziari, baina Tsiprasen gobernuak ez du horrelakorik onartu.

Oraingoz adostu dutenaz galdetuta, Vutsisek esan du itunak ez duela murrizketa gehiago ekarri behar.

Negoziazioen egutegiari dagokionez, elkarrizketak ekainaren bukaera edo uztailaren hasierara arte luzatu daitezkeela azpimarratu du.

Bigarren erreskatea ekainaren amaierara arte luzatzea adostu zuten otsailaren 20an Eurotaldeko herrialdeek eta Greziak, bitartean Tsiprasen gobernuak egin beharreko erreformak adosteko.

Bestalde, Greziako Barne ministroak azaldu du, adosten dutena adosten dutela, Greziako Parlamentuak bere oniritzia eman beharko diola, eta ez du baztertu erreferendum bat egitea.

Albisteak (4)