Polizia operazioa
FIFAko zazpi buruzagi atxilotu dituzte Suitzan, ustelkeriagatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
FIFAko presidentea hautatzeko hauteskundeak egiteko bi egun falta direnean etorri dira atxiloketak, Suitzako bost izarreko hotel batean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Suitzako agintariek FIFAko zazpi buruzagi atxilotu dituzte gaur goizean, AEBko Justiziak eskatuta, ustelkeria egotzita, herrialde horretako Justizia Ministerioak baieztatu duenez. Oro har, 14 pertsona inputatu dituzte, tartean erakundeko bi presidenteorde.
Hain justu, FIFAk Presidentetzarako hauteskundeak egingo ditu ostiral honetan. Joseph Blatter egungo presidentea da faboritoa, eta Ali bin Hussein Jordaniako printzea du aurkari bakar. Blatter bera ez dago akusatuen artean, baina operazioak eragina izan dezake horren hautagaitzan.
The New York Times egunkariak azaldu duenez, Segurtasun Indarrak Baur au Lac bost izarreko hotelera joan dira, eta bertan egin dituzte atxiloketak.
AEBko Justiziaren esanetan, "ustelkeria orokortu egin da FIFAn azken hamarkadetan", Munduko Txapelketaren egoitza aukeratzeko prozesuetan eta telebista eta merkataritza akordioetan batik bat.
"FIFAren batzorde betearazleak botere erraldoia du, eta negozioak sekretuan egiten ditu, gehienbat", operazioaren arduradunen esanetan.
Besteak beste, iruzurra eta dirua zuritzea egotziko diete atxilotuei. Suitzako Gobernuak atxilotuetako bost nortzuk diren baieztatu du:
- Eugenio Figueredo, FIFAko presidenteordea
- Eduardo Li, Costa Ricako Futbol Federazioko (Fedefutbol) presidentea
- Jose Maria Marin, Brasilgo Futbol Federazioko (CBF) presidente ohia
- Julio Rocha, Nikaraguako Futbol Federazioko (Fenifut) presidente ohia
- Rafael Esquivel, Venezuelako Futbol Federazioko presidente ohia
Gainerakoak hauek lirateke: Nicolas Leoz, Jeffrey Webb FIFAko presidenteordea eta Jack Warner Ipar Amerikako, Erdialdeko Amerikako eta Karibeko Futbol Konfederazioko (CONCACAF) presidente ohia.
"Harritu egiten gaitu ustelkeriak hainbeste iraun izanak; FIFAk egindako ia gauza guztietara zabaldu da", esan du polizia batek. "Ustelkeria instituzionalizatu egin da FIFAn", erantsi du.
Testuinguru honetan, Suitzako Fiskaltzak FIFAren egoitza nagusia miatu du, Zurichen, eta hainbat agiri eta datu elektroniko atzeman ditu.
Loretta Lynch AEBko fiskalburuak eta James Comey FBIko zuzendariak prentsaurrekoa eskaini dute gaur New Yorken, operazioaren nondik norakoak azaltzeko.
“Eroskeriak, urtez urte”
“Merkataritza eskubideen truke eroskeriak eskatzeko aprobetxatu zituzten euren karguak, behin eta berriro egin zuten, urtez urte, txapelketaz txapelketa”, salatu du Lynchek. Joseph Blatter FIFAko presidentearen aurkako neurri posiblerik ez du aipatu Lynchek, nahiz eta kazetariek behin eta berriro galdetu.
Ikerketa honekin FIFAri “txartel gorria” atera diotela esan dute arduradunek. Hala ere, futbol munduko ustelkeriaren aurkako jazarpena hasi besterik ez dela egin ohartarazi dute, ikerketak zabalik jarraitzen duelako.
Bestalde, ikerketak “legearen gainetik inor” ez dagoela demostratzen duela adierazi du James B. Comey FBIko zuzendariak. Futbola modu “oso oldarkorrean bahitu” dutela salatu du. “Ez dugu onartuko”, erantsi du.
Bi auzi
FIFAko ustezko ustelkeria bi auzitan ikertzen ari dira.
Lehenengo auzia Suitzako Fiskaltzak abiatu zuen azaroan, FIFAk berak eskatuta, 2018ko (Errusia) eta 2022ko (Qatar) Munduko Txapelketen egoitzak hautatzeko prozesuan ustelkeria izan zelakoan.
Bigarrena New Yorkeko Fiskaltzak hasi du, hainbat konpainiari kontratuak esleitzeko prozesuan irregulartasunak atzeman eta gero.
Kalteduna bera dela esan du FIFAk
Polizia operazioaren ostean, auziko kaltedun handiena FIFA bera dela esan du Walter De Gregorio Komunikazio zuzendariak, baina justiziarekin kolaboratuko dutela aurreratu du.
Edonola ere, ostiraleko hauteskunde deialdiari eutsi egin dio erakundeak. "Une zaila da guretzat, baina egin egingo dugu kongresua, ez baitu operazio honekin zerikusirik", esan du.