Erresuma Batuko erreferenduma
'Erresuma Batuak EBn jarraitu beharko luke?', errefendumaren galdera
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gobernu britainiarrak onartu egin du Hauteskunde Batzordeak proposatutako galdera, eta baztertu, Alderdi Kontserbadorearena.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gobernu britainiarrak Europari buruzko erreferendumaren galdera zein izango den baieztatu du gaur: "Erresuma Batuak Europar Batasuneko estatu kide izaten jarraitu beharko luke?".
Horrenbestez, David Cameron lehen ministroaren Exekutiboak onartu egin du Hauteskunde Batzordeak proposatutako galdera. Alderdi Kontserbadoreak hau proposatu zuen: "Uste duzu Erresuma Batuak Europar Batasuneko kide izan behar duela?".
Hauteskunde Batzordearen ustez, azken proposamen hori nahasgarria zen. Izan ere, gerta liteke norbaitek pentsatzea egun Erresuma Batua ez dela EBko estatu kide.
Azkenean hautatutako galderarekin, europazaleek "baietza"ren aldeko kanpaina egin beharko dute, eta euroeszeptikoek, aldiz, "ezetza"ren aldekoa.
Erreferendumaren zehaztasunak eta egutegia lege proiektu batean ezarriko dituzte. Hain justu, gaur bertan hasiko dira testua izapidetzen Komunen Ganberan. Lege proiektuak oztopo barik egingo du aurrera, oposizioko alderdi nagusiak, laboristak, babesa agertu baitio.
Europar Batasunari buruzko galdeketa egitea David Cameron lehen ministroaren hauteskunde promesetako bat izan zen. 2017a bukatu baino lehen egitea da asmoa.
Egunotan, EBko agintariekin bilera-sorta egiten ari da Erresuma Batuko Gobernuko burua, Europan erreformak sustatzeko, batik bat immigrazioaren eta zerbitzu sozialen arloetan.
Gaur, Mark Rutte Herbeheretako buruarekin biltzekoa da, eta, ondoren, Frantziara joango da, Francois Hollande presidentearekin afaltzeko.
Hurrengo egunetan, gainera, Poloniako (Ewa Kopacz) eta Alemaniako (Angela Merkel) buruzagiekin elkartuko da.