Itxi

Negoziazioa

Akordiorako proposamen zabala aurkeztu die Greziak hartzekodunei

Agentziak | Erredakzioa

Orain erabakia Europako buruzagi politikoen eskuetan dagoela azpimarratu du Tsiprasek. Herritarrak garai zailei aurre egiteko prestatu behar direla ohartarazi du Greziako lehen ministroak.

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa. Argazkia: EFE

47 orrialdeko akordio proposamen zabala aurkeztu die Greziako Gobernuak hartzekodunei. Horrela, Atenas erakundeen erantzunaren zain geratu da.

AMNA Greziako albiste agentziak Exekutiboko iturriak aipatuz jakitera eman duenez, aurten % 0,8ko superabita aurreikusten du proposamenak, eta % 1,5ekoa 2016an, eta baita balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZ) erreforma bat ere, % 6, % 11 eta % 23ko tasekin.

Zurrumurruen arabera, erakundeetako (Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa) ordezkariek Greziako Gobernuari akordio zirriborro eta ultimatum bat eman dizkiote, astelehenean Berlinen bost aldeko bilera egin eta gero. Atenasek, ostera, informazioa ukatu egin du.

Proposamen konkretuak

Atenasek hartzekodunei proposamen konkretuak aurkeztu dizkiela adierazi du gaur Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak. Orain erabakia Europako buruzagi politikoen eskuetan dagoela azpimarratu du Tsiprasek.

?Greziak proposamen konkretuak aurkeztu ditu eta zenbait arlotan amore eman dugu, negoziazio batean normala den moduan, baina egitasmo errealista aurkeztu dugu herrialdea krisitik ateratzeko?, esan du Tsiprasek Kultura eta Kirol Ministerioari bisita egin eta gero.

Lehen ministroa baikor azaldu da, baina negoziazioa bukatzen denean herritarrak garai zailei aurre egiteko prestatu behar direla ohartarazi du.

Albisteak (5)