Itxi

Likidezia falta

Greziako bankuen itxiera iragarri du Tsiprasek

ERREDAKZIOA | AGENTZIAK

Europako Banku Zentralari egotzi dio erabaki hori hartu behar izana. Hala ere, greziarren diru-gordailuak bermatuta daudela esan du Greziako lehen ministroak.

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa. Argazkia: EFE

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak igande honetan iragarri duenez, herrialde osoan dirua kontrolatzeko neurriak abian jarriko dituzte eta, horren ondorioz, bankuak itxi egingo dituzte behin-behinekoz. "Luzapenaren eskaerari emandako ezetzaren ondorioz, dirua ateratzeko mugak izango dira", esan du.

Greziako Bankuaren hainbat iturriren arabera, bankuak astebetez egongo dira itxita, eta Atenasko Burtsa ere itxita egongo da astelehenean. Horien esanetan, lehen egunetan herritarrek gehienez ere 100 euro atera ahalko dituzte egunean.

Horren harian, bankuak ixteko eta kapital kontrolak ezartzeko neurriak datozen sei lanegunetan -Greziako referenduma pasatu arte- izatea aholkatu dio Greziako Finantza Egonkortasunerako Kontseiluak Gobernuari. Halaber, asteartetik aurrera, kutxa automatikoetatik egunean 60 euro ateratzeko muga ezartzeko gomendatu dio. Astelehenean kutxak itxita egongo dira, Reuters albiste-agentziak emandako informazioaren arabera. Dena den, atzerriko finantza erakundeetako kreditu txartelak erabiliz diru gehiago atera ahalko da, betiere, banku bakoitzak ezarritako muga gainditu gabe.

Telebistan egindako agerraldi batean, Europako Banku Zentralari egotzi dio erabaki hori hartu behar izana. Hala ere, Tsiprasek lasaitasunerako deia egin du, eta greziarren diru-gordailuak bermatuta daudela esan du.

Gainera, lehen ministroak azaldu duenez, erreskatearen luzapen berria eskatu die hartzekodunei, baina Eurotaldeak eskaera horri uko egin dio.

"Greziarrek bidegabekerien aurrean erakutsitako duintasunak itxaropenerako eta harrotasunerako mezua bidali dio Europari", esan du Tsiprasek, Greziako mailegua luzatzeko eskaerari troikak ezetza eman ostean.

"Programaren luzapen labur honi emandako ezetza aurrekaririk gabeko ekintza izan da, eta herri subiranoen erabakitzeko eskubidea zalantzan jartzen du", esan du. "Erabaki horrek helburu garbia dauka: Greziaren borondateari xantaia egitea", gaineratu du.

Horren harian, Tsiprasek zorrak itzultzeko epeak luzatzea eskatu du berriro, lasaitasunerako deia egin du, eta herritarren dirua bermatuta dagoela nabarmendu du.

Galdeketa bertan behera uzteko eskatu du oposizioak

Tsiprasek galdeketa deitu du nazioarteko hartzekodunek Greziari egindako proposamenaren gainean herritarrei galdetzeko, eta galdeketa hori bertan behera uzteko eskatu du gaur Andonis Samaras Greziako oposizioburu eta lehen ministro ohiak. Halaber, batasun nazionaleko gobernua osatzeko deia egin du.

Austeritatearen kontrako manifestazioa deitu du SYRIZAk astelehenerako

Grezian agintea duen SYRIZA ezkerreko koalizioak austeritatearen kontrako manifestazioa deitu du astelehen gauerako Atenasko Sintagma plaza entzutetsuan.

Manifestazioaren leloa ondorengoa da: "Ezin digute xantaiarik egin, ezin gaituzte ikaratu. Demokrazia defendatzen dugu".

Gainera, mobilizazio hori baliatuko dute uztailaren 5eko referendumari begira baietzaren aldeko kanpaina egiteko. Gogoan izan datorren igandeko galdeketan hartzekodunek Greziako Gobernuari egindako proposamenari buruzko galdetuko zaiela greziarrei.

Bestalde, ehunka manifestari elkartu dira igande arratsaldean Atenasen doitasun-neurrien aurka egiteko. Europar Batasunaren, Nazioarteko Diru Funtsaren eta Europako Banku Zentralaren aurkako oihuak entzun dira bertan.

Europako Batzordeak Atenasen duen egoitzaren aurrean hasi da manifestazioa, eta 'Hobe drakma, sumisioa baino' edo 'Ez dugu ezer zor, ez dugu ezer salduko, ez dugu ordainduko' mezuak zabaldu dituzte hainbat panfletotan.

Maileguei eutsiko die EBZk

Bestalde, Europako Banku Zentralak jakinarazi duenez, Greziako bankuei maileguak ematen jarraitzea erabaki du, eta herrialdearen egoera gertutik jarraitzen ari da.

EBZren Gobernu Kontseiluaren arabera, "kontuan hartuko du" Greziako Parlamentuak erreferenduma egitea adostu izana, eta, finantza-egonkortasuna bermatzeko, Greziako Banku Zentralarekin "estu" lan egingo duela hitzeman du,.

"Egungo egoera ikusita, Europako Banku Zentralaren Gobernu Kontseiluak ostiralean erabakitako maileguei eustea erabaki du", 89.000 milioi euro, erakunde horrek ohar baten bidez jakinarazi duenez. Hala ere, "erabaki hori berriro aztertzeko prest gaude", ohartarazi du.

Albisteak (3)