Greziako galdeketaren ostean
Varoufakis: 'Ezetzarekin, negoziatzeko dei egin diegu bazkideei'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Yanis Varoufakis Finantza ministroak esan duenez, "gaurko ezezkoak murrizketen aurka eta benetako erreformen alde egin du".
Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministroak "benetako negoziazioa" eskatu die nazioarteko hartzekodunei, igande honetan greziarren gehiengo batek troikaren proposamenaren aurka bozkatu ostean.
"Bost hilabetez hartzekodunek funtsezko negoziazioari uko egin diote, bankuen itxiera ezarri eta gure umiliazioa antolatu dute", esan du Varoufakisek eskainitako prentsaurreko batean. Astelehenetik aurrera, ostera, "ezezkoaren tresnaz baliatuta, lankidetzarako eskua luzatuko diegu bazkideei, banan-banan deituko diegu akordioa lortzeko asmoz".
Varoufakisen ustez, "gaurko ezezkoak murrizketen aurka eta benetako erreformen alde egin du". "Gaurko ezezkoak Europa demokratiko bati eskainitako baiezko handia dakar", eta "Europaren bihotzaren taupadak Grezian daude gaur, eta, bihartik aurrera, zauriak osatzen hasiko da", esan du.
Galdeketaren emaitza ofizialaren arabera, boto-emaileen % 61 hartzekodunen proposamena ez onartzearen alde agertu dira.