Itxi

Alemaniako Parlamentua

Greziako akordioa aukera posible bakar gisa aurkeztu du Merkelek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Alemaniako Parlamentuak oniritzia emango dio Greziarekin hirugarren erreskatea negoziatzeari kontserbadoreen eta sozialdemokraten botoei esker.

Angela Merkel Alemaniako kantzillerra. Artxiboko irudia: EFE

Angela Merkel Alemaniako kantzillerraren iritziz, Greziaren hirugarren erreskatea negoziatzeko lorturiko akordioa irtenbide posible bakarra zen; izan ere, haren esanetan, Alemaniako Gobernuak ez lituzke inoiz itunak urratuko eta ez luke Grezia "kaos eta indarkeria" egoeran murgiltzen utziko.

Alemaniako Parlamentuan egindako ezohiko osoko bilkuran azpimarratu du Euroguneko 19 herrialdek Greziari buruz erdietsitako akordioa "gogorra" dela greziarrentzat, baina baita gainerako euroguneko kideentzat ere -86.000 euro hitzeman dituzte-.

"Aurrez ikusi gabeko europar elkartasunaren adierazgarri da", adierazi du Alemaniako kantzillerrak parlamentuaren aurrean. Itxura guztien arabera, Alemaniako Parlamentuak oniritzia emango dio Greziarekin hirugarren erreskatea negoziatzeari kontserbadoreen eta sozialdemokraten botoei esker.

Merkelek onartu du hainbat parlamentarik zalantzak dituztela Greziaren hirugarren erreskatearen arrakastaz eta Tsiprasen Gobernuak hitzemandako erreformen ezarpenaz.

Hala eta guztiz ere, Merkelek azpimarratu du Grezia eurogunetik ateratzea edota Greziak itunak ez errespetatzea askoz ere okerragoa izango zela. Haren iritziz, beste bi aukera horiek Greziako egoera ekonomikoa eta soziala okertzea ekarriko lukete eta Europa mailan oinarrizko elementu politikoan kolokan jarriko lirateke.

Alemaniako kantzillerraren hitzetan, Greziarentzako akordio berria lortzeak Europak erronka eta desafio berriei aurre egiteko gaitasunaren erakusgarri da. "Ez dugu Greziaz bakarrik erabaki, Europa eta eurogune indartsu baten alde erabaki dugu", nabarmendu du.

Greziako krisia konpontzeko azken saiakera dela azpimarratu ostean, Merkelek gaineratu du Atenasek ezarri zaizkion baldintza guztiak bete dituela, adibidez, Greziako Parlamentuak lehen erreformei oniritzia ematea.

"Europari gauzak ez badoazkio ondo, epe luzera, Alemaniari ere ez eta ezta Europako beste herrialdeei ere", gaineratu du.

Albisteak (5)