Itxi

Krisia

Tsiprasek Gobernua berritu du akordioak eragindako disidentziengatik

agentziak | erredakzioa

Ministro bakarra kendu du gobernutik, Panayotis Lafazanis Energia ministroa, erreskaterako akordioaren kontra bozkatu zuena. Panos Skurletis Lan ministroak hartuko du bere tokia.

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa. Argazkia: Efe

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak Gobernua berritu du hartzekodunekin erreskaterako egin berri duen akordioarengatik izan diren disidentziengatik, eta, besteak beste, Panayotis Lafazanis Energia ministroa kargutik kendu du.

Tsiprasek orain arte Lan ministro izan dena, Panos Skurletis, aukeratu du Lafazanisen tokia hartzeko, azken hori izan baitzen erreformen kontra bozkatu zuen Syrizako 32 diputatuetako bat.

Baina horrekin batera, lehen ministroak Gobernua berregituratzeko neurri zabalak hartu ditu, nahiz eta ministro bakarra bota Gobernutik.

Hala, Lan Ministerioa Yorgos Katrugalosen esku geratuko da, Administrazio Erreformarako ministro orde kargua utzita.

Gavriil Sakelaridis Gobernuaren bozeramailea Syrizaren Parlamentuko bozeramaile izendatu du, eta Olga Yerovasilik hartuko du bere lekua.

Kostas Isijos Defentsa ministro ordea, Dimitris Stratulis Gizarte Segurantzako ministro ordea eta Nikos Juntis Atzerri Gaietarako ministro ordea ere ordezkatu egin dituzte.

Lehenengo biek akordioaren kontra bozkatu zuten, eta hirugarrenak dimisioa emana zuen asteazkeneko bozketaren aurretik.

Isijosen postuan Dimitris Vitsas jarri dute, Stratulisenean Pavlos Jaikalis (Greziar Independenteak alderdi nazionalistako kide bakarra) eta Juntisenean Sia Anagnostopulu.

Nadia Valavani Finantza ministro ordeak ere bozketaren aurretik eman zuen dimisioa, eta Trifon Alexiadis jarri dute bere lekuan.

Bestalde, postu berria sortu dute Atzerri Gaietarako Ministerioan, ministro ordearena, eta Yanis Amanatidisentzat izango da.

Barne Ministerioan ere ministro orde berria jarriko dute, Pavlos Polakis, eta Administrazioaren Erreformarako ministro orde Jristoforos Vernardakis ziango da.

Lehen ministroaren bulegotik jakinarazi dute kargudun berrien zin egiteko ekitaldia atzeratu dutela Atenas inguruan piztu diren suteengatik. Dena dela, eta ofizialki baieztatu ez badute ere, bertako telebista publikoak dio biharko utzi dutela.

Albisteak (3)