Itxi

Grezian

Tsiprasen ministro berriek euren karguen zina egin dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Syriza alderdikideen kritikei aurre egin behar izan die Greziako lehen ministroak, Europarekin hitzartutako doitasunak direla eta, tartean, pentsioen murrizketak eta zergen igoerak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Alexis Tsiprasek izendatutako ministro berriek euren karguen zina egin dute larunbat honetan Greziako Parlamentuan. Tsipras lehen ministroak Gobernua berritu du hartzekodunekin erreskaterako egin berri duen akordioarengatik izan diren disidentziengatik, eta, besteak beste, Panayotis Lafazanis Energia ministroa eta beste bi ministrorde kargutik kendu ditu.

Orain arte Lan ministro izandako Panos Skurletis aukeratu du Tsiprasek Lafazanisen tokia hartzeko, azken hori izan baitzen erreformen kontra bozkatu zuen Syrizako 32 diputatuetako bat. Skurletisek adierazi duenez, Gobernuaren erreformak "errealitate berrira" egokitzea dakar.

Bestalde, Lan Ministerioa Yorgos Katrugalosen esku geratuko da, Administrazio Erreformarako ministro orde kargua utzita. Katrougalosek esan duenez, hemendik aurrera "erreskate berriaren nondik norakoak irmo negoziatuko ditugu, hasierako proposamenak hutsune ugari baititu".

Gainera, Gavriil Sakelaridis Gobernuaren bozeramailea Syrizaren Parlamentuko bozeramaile izendatu du Tsiprasek, eta Olga Gerovasilik hartuko du bere lekua. Gerovasilik lan handia izango du datozen hilabeteetan, izan ere, 86.000 milioi euro inguru jaso ahal izateko Greziako Gobernuak hartu behar izango dituen neurriak azaldu behar izango dizkie herritarrei.

Euclides Tsakalotos Finantza ministro berriak kargu berean jarraituko du (Yanis Varoufakis ordezkatzeko izendatu zuten joan den uztailaren 6an). Ministerio horretako bigarren arduradun gisa, Tryfon Alexiadis inspektore fiskala izendatu dute, eta horrek Nadia Valavani ordezkatuko du, Tsiprasen erabakiekiko oso kritiko agertu baitzen.

Syriza alderdikideen kritikei aurre egin behar izan die Greziako lehen ministroak, Europarekin hitzartutako doitasunak direla eta, tartean, pentsioen murrizketak eta zergen igoerak. Ostegun goizaldean Greziako Parlamentuan izandako bozketan akordioaren aurkako botoa eman zuten edo abstenitu egin ziren Syrizako 30 bat diputatu.

Albisteak (4)

Bideoak (1)