Itxi

Crowdfunding

Wikileaksek 100.000 euro eskaini ditu TTIPa filtratzearen truke

Agentziak | Erredakzioa

EBren eta AEBen arteko akordioa lortzeko negoziazioa prozesu “oso gardena” izan dela berriro azpimarratu du Europako Batzordeak.

Europako Parlamentua. Artxiboko irudia: EFE

Wikileaks webguneak 100.000 euroko ordainsari bat eskaini du TTIPa filtratzearen truke. Diru-kopurua crowdfunding kanpaina baten bitartez biltzen ari da. TTIPa Ameriketako Estatu Batuen eta Europar Batasunaren arteko Merkataritza eta Inbertsio Ituna da.

Bestalde, EBren eta AEBen arteko akordioa lortzeko negoziazioa prozesu “oso gardena” izan dela berriro azpimarratu du gaur Europako Batzordeak.

“Europako sekreturik preziatuena” dela nabarmendu du Wikileaksek. Europako zein AEBetako ekintzaileek eta pertsona ospetsuek lehen ekarpenak egin dituzte dagoeneko ordainsaria biltzeko.

Besteak beste, Yanis Varoufakis Greziako Ekonomia ministroa ohiak, Vivenne Westwood Erresuma Batuko diseinatzaile eta ekintzaile ekologistak, Glenn Greenwald AEBetako kazetariak, John Pilger zinema zuzendari beteranoak eta kazetariak, Daniel Ellsberg AEBetako Indar Armatuetako aditu ohiak eta Julian Assange Wikileakseko editore buruzagiak euren ekarpenak egin dituzte. Ellsberg Pentagonoko paperen filtrazioaren arduraduna da.

BRICSen susperraldia geldiaraztea

BRICS (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika) deritzonak AEBei Munduko Merkataritza Erakundean aurre egiten hasi zirenetik, politikari estatubatuarrek “nazioarteko merkataritza akordio-sorta” martxan jarri dute erakunde horretatik kanpo.

Wikileaksen ahotan, herrialdeen ekonomiak modu “erradikalean” berregituratzeko eta BRICSen susperraldia geldiarazteko helburua dute orain arte sinatutako hiru itunek.

Horrela, epaitegi nazionalak saihestu, ingurumen araudietatik ihes egin, Interneteko polizia gisa aritu edukien industriaren izenean, botika generiko merkeak mugatu eta herrialde bakoitzaren subiranotasun legegilea murriztu ahal izango dute multinazionalek erregimen legal berriarekin.

al berriarekin.

Albisteak (2)