Itxi

Eztabaida Syrizan

Greziako Parlamentuak onartu egin du hirugarren erreskatea

Agentziak | Erredakzioa

Ganberaren gehiengo zabal batek onartu du erakunde hartzekodunekin adostutako programa. Saio bukaezina izan da, eta Syrizaren zatiketa agerian geratu da berriz ere.

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa Atenaseko Parlamentuan. Argazkia: EFE

Greziako Parlamentuaren gehiengo zabal batek onartu egin du erakunde hartzekodunekin adostutako hirugarren erreskatea. Saio bukaezina izan da, eta Syrizaren zatiketa agerian geratu da berriz ere.

Hirugarren erreskatea onartzearen aldeko 222 boto jaso dira bozketan, kontrako 64, 11 abstentzio izan dira eta hiru diputatuk ez dute saioan parte hartu. Ganberan 300 ordezkari daude.

Aurreko bozketan baino Syrizako parlamentari gehiagok eman dute kontrako botoa oraingoan. Azken honetan, Syrizako 43 diputatuk eman dute aurkako botoa.

Horrela, 120 diputatuko ?muga psikologoa? galdu du Exekutiboak. Parlamentuan egonkortasuna mantentzen jarraitzeko gutxienez 120 diputatuk erreskatearen aldeko botoa ematea espero zuen Tsiprasen Gobernuak.

Konfiantza-mozioa

Greziako komunikabideen arabera, erreskatearen lehen ordainketa egin ondoren konfiantza-mozioa aurkeztuko dute alderdiek, abuztuaren 20a baino lehen. Greziak 3.400 milioi euro itzuli beharko dizkio orduan Europako Banku Zentralari.

Uztailaren 23an ezkerreko 36 parlamentarik aurkako botoa eman zuten edo abstenitu egin ziren.

Bozketa atzerapen handiarekin hasi da prozeduraren inguruan desadostasunak izan direlako. Syrizaren barne eztabaidak bozketa markatu du; izan ere, hizka-mizka beroa izan da. Gobernuko kide batzuek eta Zoe Konstandopulu Ganberako presidenteak hitz gogorrak egin dizkiete elkarri.

Besteak beste, Yanis Varufakis Ekonomia ministro ohiak eta Konstandopuluk eman dute akordioaren kontrako botoa.

Euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroek bilera informala egin baino ordu batzuk lehenago izan da Greziako Parlamentuaren saioa.

Albisteak (4)