Errefuxiatuen krisia
120.000 errefuxiatu banatzeko plan berria adostu du Europar Batasunak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Akordioa "gehiengo zabalez" adostu badute ere, lau herrialdek aurka bozkatu dute: Hungaria, Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Errumania.
Europar Batasuneko Barne ministroek akordioa lortu dute gaur, Italiara eta Greziara heldutako 120.000 errefuxiatu estatu kideen artean banatzeko.
Akordioa "gehiengo zabalez" adostu badute ere, lau herrialdek aurka bozkatu dute: Hungaria, Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Errumania. Gainera, Finlandia abstenitu egin da.
Hasieran, Italiara, Greziara eta Hungariara heldutako 120.000 errefuxiatu banatzea zen asmoa, baina azken herrialde horretako Gobernuak ezezkoa eman du, ez baitu programan parte hartu nahi. Beraz, berriz ere diseinatu behar izan dute plana.
Hori horrela, errefuxiatuak banatzeko plana bi fasetan egingo dute. Lehenengoan, Italiara eta Greziara heldutako 66.000 pertsona banatuko dituzte.
Gainerako 54.000ak Hungariara joandakoak dira, eta bigarren fasean banatuko dituzte.
Nahiz eta Hungariak programan parte hartzeari ezetz esan, ez da aldaketarik izango Espainiako Estatuak hartu beharko dituen errefuxiatuen kopuruan: 15.000 inguru.