Itxi

Tentsioa Ekialde Hurbilean

Israelek Gaza bonbardatu du bertatik suziri bat jaurti ondoren

Agentziak | Erredakzioa

Tentsioak gora egin du azken hiru egunetan Zisjordanian eta Jerusalemen. Ostegunean eta larunbatean, lau israeldar hil zituzten palestinarrek bi erasotan.

Istiluak Hebronen. Artxiboko irudia: EFE

Gazako Zerrendan helburu militar bat bonbardatu du Israelgo Armadak goizaldean, suziri bat bertatik jaurti ondoren, iturri militarrek jakitera eman dutenez. Suziriak ez du ez kalterik ez biktimarik utzi.

“Atzo, suziri bat bota zuten Gazako Zerrendatik eta Israel hegoaldean erori zen. Erasoari erantzuteko, Aireko Indarrek Hamasen instalazio terrorista bati eraso diote Gazako Zerrendaren iparraldean”, azaldu dute agiri batean.

“Suziriak jendearen etxeen aurka jaurtitzea terrorismo argia, ankerra eta koldarra da”, salatu du Peter Lerner teniente koronelak, Armadako bozeramaileak, agiri batean.

Erasoaren erantzukizuna Hamas mugimendu islamiarrak duela diote agirian. Gazatik egiten den edozein erasoren erantzukizuna horrek duela uste du Israelek, nahiz eta beste milizia batek egin.

Tentsioak gora egin du

2014ko abuztuaz geroztik indarrean dagoen su-etena honezkero hamaseigarren aldiz urratu dute. Tentsioak gora egin du azken egunetan Zisjordanian eta Jerusalemen. Iragan ostegunean eta larunbatean lau israeldar hil zituzten palestinarrek bi erasotan.

Israelek segurtasuna areagotu du zonalde horietan; izan ere, istiluak izan dira asteburuan. Palestinako iturrien arabera, 100 bat palestinar zauritu dituzte benetako munizioa eta kautxuzko balak erabiliz, eta beste hainbeste gas negar-eragilea baliatuz. Halaber, 15 urteko mutil israeldar bat arma zuri batez zauritu zuten.

Gainera, palestinar bat hil zuten igande gauean. Israelgo soldaduek tirokatu zuten Tulkaremen, Armadako iturri batek Jerusalem Post egunkariari jakitera eman dionez.

Hamaseko 100-200 jarraitzailek harriak eta lehergailu su-eragileak jaurti zituzten soldaduen aurka, Armadak azaldu duenez. Molotov koktelak jaurti zizkieten hiru gizoni tiro egin zieten Israelgo soldaduek, egunkariak aipatutako iturriaren arabera. Ustezko erasotzaileetako bat hil egin zen.

Jerusalemeko Hiri Zaharrean sartzeko mugak jarri dituzte Isralego agintariek. Horrela, bizilagunek, dendariek, ikasleek eta irakasleek zailtasun gehiago dituzte. Palestinarrei sarrera debekatu diete.

Albisteak (1)