Itxi

Egiptotik Errusiara zihoan

Hegazkin ezbeharrean hildakoak aberriratzen hasi da Errusia

Agentziak | Erredakzioa

Estatu Islamikoak bere gain hartu badu ere hegazkinaren eraistea, Errusiak zein Egiptok baztertu egin dute aukera hori.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Atzo Egiptoko Sinaiko penintsulan izandako hegazkin ezbeharrean hildakoen gorpuak aberriratzen hasi da Errusiako gobernua; izan ere, hildako gehienak errusiarrak dira.

Larrialdi Ministerioko bozeramaile batek prentsaurrean adierazi duenez, gaur iritsiko da San Petersburgora biktimen gorpuzkinez betetako lehen hegazkina. Sputnik albiste agentziaren esanetan, hegazkin bakoitzak "80 gorpu" garraiatzeko edukiera du.

Metrojet (Kogalymavia) konpainiako hegazkin errusiar bat, 224 bidaiari zituena (217 bidaiari, gehienak errusiarrak eta 7 tripulazioko kide) Egiptoko Sinai penintsulan erori zen atzo Xarm el-Xeikh (Egipto) herri turistikotik aireratu eta gutxira. Bidaiari guztiak errusiarrak ziren, hiru ukrainar eta bielorrusiar bat salbu, eta guztiak hil ziren ezbeharrean.

Erreskate-taldeek orain arte 129 hilotz atera ahal izan dituzte, eta Kairora eraman. Hala adierazi du Sherif Ismail Egiptoko lehen ministroak.

Estatu Islamikoak hegazkinaren eraisketa bere gain hartu badu ere, Egiptok eta Errusiak ukatu egin dute

Estatu Islamikoak hegazkina eraitsi izana bere gain hartu badu ere, Egiptok eta Errusiak ukatu egin dute. Orain indar gehien hartzen ari den hipotesia akats mekanikoarena da.

Egiptoko lehen ministroaren esanetan, "teknikoki ezin daiteke eraitsi altuera horretan hegaz egiten ari den hegazkin bat". Bitartean, ez da argitara eman Egiptoko agintariek egiten ari diren ikerketei buruzko informaziorik. Ikerketa horietan Errusiako adituak parte hartzeaz gain, Frantziakoak eta Alemaniakoak ere gaineratuko dira.

Estatu Islamikoa talde jihadistak Egipton duen filialak (Wilayat Sina), Sinaiko probintzian barrena mugitzen denak, ohar baten bidez jakinarazi du beraiek izan direla hegazkina eraitsi dutenak, baina ezin izan da egiaztatu berorren egiazkotasuna.

Muturreko taldeak bideo bat zabaldu du, eta bideo horretan airean eztanda egiten duen bidaiari-hegazkin bat ikus daiteke, baina ez da agertzen gaur erori den hegazkina dela baieztatzen duen inongo probarik.

Hegazkineko kutxa beltzak ere aurkitu dituzte, eta horrek ezbeharraren nondik norakoak argitzea ahalbidetuko du. Maxim Sokolov Errusiako Garraio ministroak adierazi duenez, hegazkinaren kutxa beltzek kalte txikiak izan dituzte. "Kalte txikiak izan dituzte. Hala ere, inpaktu termiko bat dago, Egiptoko ordezkariek esan duten bezala", adierazi du. Dena den, baieztatu du oraindik ez dituztela kutxa beltzak ireki.

Kremlinek ikerketa egitea agindu du eta dolu eguna izendatu du

Vladimir Putinek ikerketa-batzorde bat zabaltzea agindu du, eta hegazkinaren jabea den hegazkin-konpainiari (Kogalymavia) buruzko ikerketa kriminala egiteari ekin diote, arduragabekeria leporatuta.

Oraindik ez dago istripuaren azalpen ofizialek, baina momentuz baztertu egin da Sinain jarduten duten miliziarrek hegazkina bota izana. Une honetan indar gehien duen hipotesia ezbeharra hutsegite mekaniko bategatik gertatu dela da.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak luto-eguna iragarri du gaurko, istripua izan duen hegazkineko biktimen omenez. Errusiako banderak erdiraino igoko dituzte bakarrik, eta hedabide nazionalek jarraipen berezia egingo diete dolu-erakuspenei.

Hainbat hegazkin konpainiak Sinai penintsulatik ez igarotzea erabaki dute

Bestalde, Air France hegazkin-konpainia frantsesak eta Lufthansa alemaniarrak Sinaiko penintsulatik ez igarotzea erabaki dute, jazoeraren inguruabarrak erabat argitzen direnera arte.

Albisteak (1)

Bideoak (4)