Atentatuak Parisen
'Esaten ziguten ez mugitzeko, bestela tiro egingo zutela'
eitb.eus
Hainbat euskal herritar Parisko atentatuen lekuko izan dira, eta bizitakoa kontatu dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Hainbat euskal herritar Parisko atentatuen lekuko izan dira bart, eta gertutik bizitakoa kontatu dute.
Hori horrela, Gorka Castel Ruizek, Parisen bizi den Oiartzungo gazteak, azaldu du atentatuak egiteko hautatu zuten ingurua "lepo" zegoela azaldu du, hainbat taberna baitaude bertan.
Gazte gipuzkoarra lagun batzuen etxean dago, erasoak jazo diren lekutik "metro gutxira". "Egoera kaotikoa da, mundu guztia dago urduri", esan du "Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako adierazpenetan.
"Etxean geratzeko agindu digute, terroristak hor baitaude oraindik", gaineratu du, hunkituta.
Castel Ruizek azaldu du erasoa jasan duen jatetxeetako batera askotan joan ohi dela: "Atentatua jazo den jatetxe batean askotan afaltzen dugu; shock egoeran gaude".
Gaztea harremanetan jarri da jada senideekin, ondo dagoela esateko.
Bestalde, Maitane Ostolazak, Sorbonako Unibertsitateko irakasle euskaldunak, etxean gotortuta jarraitzen duela kontatu du ETBn: "Ez naiz ausartzen metroan igotzera, nahiago dut etxean geratu eta ni bezala daudenekin hitz egin".
Ostolazak esan du Bataclan "ikur bat" dela Parisen, eta bera askotan joaten dela hara.
Halaber, egoera hau gazteentzat bereziki gogorra dela adierazi du: "Etxean bertan gertatzen ari den errealitate larria da. Uste dut ez dutela ezer ulertzen, eta hainbat gauza azaldu beharko diegu".
Bataclanen barruan Pierre Balacey Xutik musika taldeko kidea zegoen. "Tiroak entzun ditugu, eta gustu txarreko txiste bat zela uste genuen; hala ere, lurrean geunden, elkarri begira", kontatu du, Euskal Irratiak Ipar Euskal Herriko irratien sarean egindako elkarrizketa batean.
"Esaten ziguten ez mugitzeko, bestela tiro egingo zutela. Bazen jende anitz zutik jartzen zena, eta tiro egiten zieten", erantsi du.
Hainbat espainiar, Madrilera bueltan
Testuinguru honetan, Paristik Madrilera bueltatu diren lehen espainiarrak “hunkituta” eta “oso triste” agertu dira Adolfo Suarez aireportuan.
"Charles de Gaulle aireportuan denak isilik zeuden", adierazi dute Rosik eta Nachok, EFE agentziak egindako elkarrizketan.
Madrildarrak dira biak, eta lagun bat bisitatzera joan ziren Parisera. Atentatuetako bat jazo zen lekutik 300 metrora zeuden, eta, bat-batean, pertsona asko korrika ikusi zituzten. Kontu-garbiketa bat zela eta, tiroketa bat jazotzen ari zela esan zuten batzuek.
Lekuko horien esanetan, taberna eta jatetxe ugarik ateak itxi zituzten orduan, eta baita hainbat metro-geltokik ere. "Jendea ikaratuta zegoen, ez zuten ezer ulertzen", esan du Rosik.
Beste espainiar bat, Teresa, aita ikustera joan da Madrilera, gaixorik dagoelako, baina semea Parisen du, eta ez du haren berririk. "Senarra Parisen geratu da, harekin harremanetan jartzeko", kontatu du.