Parisko atentatuak
Estatu Islamikoak bere gain hartu du Parisko sarraskia
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Ekaitzaren hasiera baino ez da izan", ohartarazi dio erakunde terroristak Frantziari.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Estatu Islamikoa erakunde terroristak bere gain hartu ditu Parisko atentatuak, eta gertatutakoa "ekaitzaren hasiera baino ez da izan", ohartarazi dio Frantziari.
Talde jihadistak hainbat agiri eta bideo publikatu ditu gaur, frantsesez eta arabiarrez, sarraskiaren ardura bere gain hartzeko, SITE webguneak jakinarazi duenez.
Mezu horien arabera, zortzi pertsonak hartu dute parte erasootan. "Horien bidez, Alak beldurra erein du gurutzatuen bihotzetan, euren lurraldean bertan".
Atentatuen helburuak "zehatz-mehatz" aukeratu dituztela esan du erakunde terroristak, eta Bataclan dantzalekuan "festa zital bat" egiten ari zirela esan du.
Frantziari ez ezik, Sirian eta Iraken terrorismoaren aurka borroka egiten ari diren gainerako herrialdeei ere egin die mehatxu Estatu Islamikoak.
Nolanahi ere, jihadismoaren helburu nagusietakoa Frantzia dela ohartarazi du, eta "Mahoma profeta iraintzea, Islama jazartzea eta kalifa-herriaren lurraldeak bonbardatzea" egotzi dio.
"Eraso hau ekaitzaren hasiera baino ez da", esan dute.
Bestalde, François Hollande Frantziako presidenteak ohartarazi du, mehatxuak mehatxu, ez dituela aldatuko terrorismoaren aurkako politikak, eta gertatutakoa "Armada terrorista batek egindako gerra ekintza bat" izan dela nabarmendu du.
Halaber, Frantzia Estatu Islamikoaren aurka "irmo" arituko dela erantsi du.