Atentatuak Parisen
29 urteko espainiar bat hil da Parisko atentatutan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bataclan kontzertuetarako aretoan izandako erasoan hil egin da Juan Alberto Gonzalez Garrido madrildarra.
Desagertuta zegoen Juan Alberto Gonzalez Garrido espainiarra hil da Parisko atentatutan, Soraya Saez de Santamaria Gobernuko presidenteordeak jakitera eman duenez.
Gonzalez Garrido 29 urteko madrildar bat da, eta Bataclan kontzertuetarako aretoan izandako erasoan hil egin da. Hildakoa Parisen bizi zen, eta atentatuaren unean emaztearekin zegoen.
Gobernuko presidenteordeak azaldu duenez, Frantziako agintariek horren heriotza berretsi dute, presidenteordeak berak biktimaren arrebarekin hitz egin du, eta heriotzaren berri jakinarazi diote jada familiari.
Doluminak agertzeko liburuan sinatu ostean egin ditu Saenz de Santamariak adierazpen horiek, Espainian Frantziak duen enbaxadorean egoitzan, Madrilen, alegia. Presidenteordeak azpimarratu duenez, "minak Frantzia eta Espainia lotu ditu".
"Herritarrak hilik ikustea partekatzen dugu frantziarrekin", adierazi du presidenteordeak, benetan hunkituta. "Espainiarrentzat egun tristea da", gaineratu du, "baina indarrari eusteko mezua helarazi nahi diet, instituzio demokratikoak eta demokratak terrorearen gainetik gailenduko baitira".
Zauritu bat
Bestalde, beste espainiar bat zauritu da Parisko atentatutan: Ivan Garcia deitzen da, eta 39 urte ditu. Frantziara joandakoa zen hiru lagunekin asteburua Parisen igarotzeko asmoz.