Atentatuak Parisen
Frantziak hiru hilez luzatuko du larrialdi egoera
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Horrela ohartarazi du Frantziako lehen ministro Manuel Vallsek Frantziako Asanblea Nazionalaren aurrean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Frantziako Asanblea Nazionalak oniritzia eman dio gaur Pariseko ostiraleko atentatuetatik indarrean dagoen larrialdi egoera hiru hilez luzatzeko proposamenari.
Neurria François Hollande presidenteak egindako proposamenean oinarrituta dago, eta lehen ministro Manuel Vallsek defendatu du Asanblea Nazionalaren aurrean. Egungo legediak larrialdi egoera 12 egunez luzatzea besterik ez du uzten. Proposamena Senatutik igaroko da bihar, bertan eztabaidatu eta onartzeko.
Arma kimikoen eta bakteriologikoen arriskua
Frantziako lehen ministro Manuel Vallsek etorkizunean gerta daitezkeen erasoetan terroristek arma kimikoak eta bakteriologikoak erabiltzeko arriskua dagoela jakinarazi du gaur.
Asanblea Nazionalean egin du iragarpen hori Frantziako Gobernuko kideak. Hori dela eta, ostiraleko eraso jihadisten ondorioz ezarri duten larrialdi egoera hiru hilez luzatzeko eskaria egin du Vallsek bertan. Proposamena, baina, Senatuak berretsi beharko du.
"Gaur egun ez dago ezer baztertzerik. Izan beharreko arreta guztiarekin esaten dut, baina badakigu eta kontuan daukagu: arma kimikoen eta bakteriologikoen arriskua egon daiteke", esan du Vallsek.
"Gerran gaude. Ez da historian zoritxarrez hain ohikoak diren gerra horietako bat. Gerra berri bat da, kanpokoa eta barrukoa, lehendabiziko helburu eta arma nagusi izua eragitea duena", gaineratu du. Jarraian, Frantziak azken urtean jasan dituen erasoak zerrendatu ditu.
"Aginduak ematen dituzten pertsonen irudimen makabroak ez du mugarik: erasorako fusilak, buruak mozteak, giza bonbak, arma zuriak… edota guztiak batera, gizabanakoek edota talde antolatuek egindakoak", azaldu du Vallsek.
Horrez gain, "Europar Batasuneko mugetan aske zirkulatzeko eskubidea dutenentzat ere kontrol sistematikoak" jartzeko eskatu du lehen ministroak, izan ere, horrela egin ezean, "Schengen espazioa arriskuan egon daiteke".
Halaber, "aireko bidaiarien izenak grabatzeko sistema bat" ezartzeko ere eskatu du Vallsek.