El Salvadorreko sarraskia
17 militar atxilotzea agindu dute, Ellacuriaren hilketarekin lotuta
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
1989an, sei jesuita hil zituzten El Salvadorren. Auzitegi Nazionalak uste du 17 militar horiek sarraskiarekin lotura dutela.
Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak berriro eskatu du Ignacio Ellacuriaren hilketarekin lotutako 17 militar salvadortarrak atxilotzea, ondoren Espainiara estraditatu ahal izateko.
Interpoli agindu dio atxiloketak egitea eta eskaera El Salvadorreko Interpoli eta Poliziari ere helarazi dio, operazioa martxan jar dezaten.
Gertakariak 1989an jazo ziren El Salvodorren. Sei jesuita hil zituzten, tartean Ignacio Ellacuria.
Epaileak hilketa terrorista eta gizateriaren aurkako delituak leporatzen dizkie.
Aipatu 17 militarrak hauek dira: Inocente Orlando Montano El Salvadorreko Armadako koronel ohia, Rafael Humberto Larios Defentsa ministro izandakoa, Juan Rafael Bustillo, Juan Orlando Zepeda, Jose Ricardo Espinosa, Gonzalo Guevara, Francisco Elena Fuentes, Oscar Mariano Amaya, Antonio Ramiro Avalos, Angel Perez Vasquez, Tomas Zarpate Castillo, Jose Alberto Sierra, Guillermo Alfredo Benavides, Joaquin Arnoldo Cerna, Carlos Mauricio Guzman, Hector Ulises Cuenca eta Oscar Alberto Leon Linares.
Velasco epaileak 2011ko abuztuan eskatu zuen sarraskian nahasitako militarren atxiloketa, baina orduan El Salvadorreko Justizia Auzitegi Gorenak uko egin zion atxiloketak egin eta inputatuak Espainiaren esku uzteari; pertsona horiek bilatzen eta topatzen mugatu ziren El Salvadorreko agintariak.