Christiane Taubira
Frantziako Justizia ministroak dimisioa eman du
Agentziak | Erredakzioa
Jean-Jacques Urvoas diputatu sozialistak ordezkatuko du. Azaroaren 13ko eraso jihadisten ostean, Hollandek bultzatutako Konstituzioaren erreforma Parlamentuan defendatu beharko du.
Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroak dimisioa eman du gaur. Terrorismoagatik zigortutako pertsonei herritartasuna kentzea ahalbidetuko duen Konstituzioaren erreformarekin ados ez eta erreparoak publikoki agertu ditu Taubirak. Hau da, Francois Hollande presidentearekin desadostasunak izan ditu ministroak.
Hollandek Taubiraren dimisioa onartu duela azaldu du Eliseok agiri batean. Konstituzioaren erreforma Asanblada Nazionalera heldu den egunean Justizia Ministerioa uztea adostu dute biek.
Jean-Jacques Urvoas diputatu sozialistak, Asanbladako batzorde legegilearen presidenteak, ordezkatuko du. Azaroaren 13ko eraso jihadisten ostean, estatuburuak bultzatutako Konstituzioaren erreforma Parlamentuan defendatu beharko du, Manuel Valls lehen ministroarekin batera.
Era berean, krimen antolatuaren aurkako borroka indartzeko lege-proiektua eta zigor prozeduraren erreforma aurrera eraman beharko ditu Urvoasek.
Hollanderen “esker ona”
Hala eta guztiz ere, Taubiraren lanak Hollanderen “esker ona” jaso du. Ezkontza homosexuala legeztatzeko egindako lana goraipatu du presidenteak, nahiz eta kolektibo kontserbadoreen mobilizazioa handia aurrean izan.
“Batzuetan, eustea geratzea da, baina beste batzuetan eustea alde egitea da. Zuekin, nirekin, zintzoa izan nahi dut. Azken hitzak etikari eta eskubideari zor dizkiot”, adierazi du Taubirak Twitter sare sozialean.