Londresen eskaerak
EBk aurkeztutako zirriborroaren 'aldaketak' goraipatu ditu Cameronek
EFE
Europako erakundeetako buruzagiek eta Erresuma Batuko lehen ministroak egunak negoziatzen eman ondoren, egitasmo posible bat jarri du mahai gainean Tuskek.
David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroaren hitzetan, Europar Batasunaren erreformei buruz Bruselan aurkeztutako azken zirriborroak Londresek eskatutako ?aldaketak? jasotzen ditu, baina ?oraindik lana dago egiteko?.
Europako erakundeetako buruzagiek eta Erresuma Batuko lehen ministroak egunak negoziatzen eman ondoren, egitasmo posible bat jarri du mahai gainean Donald Tusk Europako Kontseiluaren presidenteak. Hala, otsailaren 18 eta 19ko goi-bileran akordio bat lortzea espero dute.
Europar Batasunak plana onartzen badu, Erresuma Batuak Batasunean jarraitzeko erreferenduma ekainean deitu dezake Cameronek. Baliteke 23an egitea, Londresko komunikabideek aurreratu dutenez.
"Benetako aurrerapausoa"
Buruzagi kontserbadoreak gaur azalduko du Parlamentuan agiri horri emango dion erantzuna, baina testua ?benetako aurrerapausoa? dela azpimarratu du Cameronek.
Lehen ministroaren ahotan, lau arlotan eskatu zituen berak aldaketak (merkatu bakarra, EBko herritarren immigrazioa, lehiakortasuna eta integrazioa), eta zirriborroak aldaketa horiek egiteko formulak jasotzen ditu.
?Oraindik lana dago egiteko?, horren esanetan, baina Bruselak Erresuma Batuari eskainitako egitasmoak ?bi munduetako onena? jasotzen duela uste du. Eurotik kanpo egon arren, Europako Kontseiluan ahotsa izango du Londresek. Gainera, Erresuma Batuak Schengen eremutik at jarraituko du.
EBko langileei, oztopoa
Zirriborroak gai polemikoenari konponbide bat emateko aukera planteatzen du. Hala, mugak jarriko dizkiete Erresuma Batuan Europar Batasuneko langileek jaso ditzaketen gizarte diru-laguntzei.
Mekanismoa martxan jartzeko, zerbitzu publikoek (eskolak eta ospitaleak, besteak beste) immigrazioaren gorakadari aurre egiterik ez dutela erakutsi beharko du Londresek.