GOI-BILERA BRUSELAN
Hasi dira 'Brexit' delakoa ekiditeko negoziazioak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilerara heltzean, David Cameronek azaldu du ez duela akordiorik onartuko, Londresek proposatutako beharrak jasotzen ez badituzte.
Erresuma Batua Europako Batasunetik joatea, Brexit ("British" eta "exit" bilduta sortutako hitza) izenaz ezagutu dena, saihesteko, Donald Tusk Europako Batzordeko presidenteak neurri ugari proposatu dizkie estatu kideei. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak ere, bere baldintzak jarri ditu mahai gainean. Horiek guztiak izango dituzte aztergai Bruselan EBko estatuburu eta gobernuburuek. Erresuma Batuak EBko kide izaten jarrai dezan, akordioa erdiestea da bi aldeen xedea.
Bilerara heltzean, David Cameronek azaldu du ez duela akordiorik onartuko, Londresek proposatutako beharrak jasotzen ez badituzte. Gauzak ondo egitea nahiago duela gaineratu du, akordioa arin egitea baino.
François Hollande Frantziako presidenteak esan du Erresuma Batua EBn jarraitzea nahi duela, baina hori batasunari aurrera egitea galarazi gabe. "Herrialdeek ezin dute beto-eskubidea izan", bere ustez, ezta "arau komunetatik edota agintari komunetatik kanpo" gelditu ere.
Angel Merkel kantzillerrak azpimarratu du argitzeko "hainbat" elementu daudela akordioa lortu aurretik, baina Erresuma Batua batasunean jarraitzeko "baldintzek onartzen duten guztia onartuko" duela gaineratu du.
Azken batean, Europako mandatariek Erresuma Batuari salbuespenak eman ala ez erabaki behar dute. Batez ere, langile etorkinei laguntzak murriztu nahiak piztu du eztabaida. Bestalde, Londres finantza zentro izaten jarraitzeko bermeak eskatzen ditu Erresuma Batuak.
Britainia Handian erreferenduma egingo da ekainean, Europar Batasunean jarraitu ala ez erabakitzeko.
Tuskek atzo bertan azpimarratu zuenez, ez dago akordioa lortzeko bermerik, baina bi aldeak jarrerak hurbiltzeko ahaleginean ari dira. Estatu kideei aurreko asteotan igorritako gutunean, EBko presidenteak Cameronekin gaur eta bihar izango duten negoziazio-bileran "jarrera eraikitzailea" izateko eskatu zien. Erresuma Batuaren aferaren inguruan estatuburu eta gobernuburuen artean oso iritzi ezberdinak daudela, eta horiek gainditzea ez dela "lan erraza" izango onartu zuen Tuskek.
EBko kide izaten jarraitzeko Cameronek mahai gainean jarritako baldintzak "gehiegizkoak" direla irizten diote hainbat estatu kidek, eta horrek eragin du zalaparta. Bruselako bilera honetan akordioa ez lortzea "porrot handia" izango litzateke Erresuma Batuarentzat eta EBrentzat, Tusken iritzian. "Zatitu nahi gaituztenontzat, berriz, garaipen geopolitikoa izango da", esan zuen.
Lau zutabe ditu Londresek egin nahi dituen moldaketak: merkatu bakarra, EBko herritarren migrazioa, lehiakortasuna eta subiranotasuna. Horien inguruan EBk egindako proposamena igorri zien duela bi aste Tuskek estatu kideei. Negoziatzaileek dokumentu horiei egin nahi dizkioten zuzenketa teknikoak eta juridikoak eginda, elkarrizketarako aukera guztiak zabalik utzi nahi ditu Tuskek Bruselako hitzorduan.
Gai polemikoenak
Akordio itzulezina eta loteslea lortzea izango da bileraren helburua, Erresuma Batuaren eta, era berean, gainerako estatu kideen kezkak eta eskariak aseko dituena.
Batez ere, migrazioari buruzko erreforma da Cameronek proposatutakoen artean hautsik gehien harrotu duena. EBko langileen gaineko kontrol zorrotzagoa ezarri nahi du Erresuma Batuko buruak, "zirkulazio askeko gehiegikeriak eta iruzurrak saihesteko". EBko herritarren ongizate sistemarako sarbidea mugatu nahi du, eta Erresuma Batura doazen etorkinek lau urtez lan egin beharko dute bertan, gizarte laguntzak eta etxebizitza izateko diru-laguntzak jaso ahal izateko.
Eurogunea da Cameronen beste kezketako bat. Euroa babesteko neurriak egoki ikusten ditu, baina beste dibisa batzuk ere badirela gogorarazi dio EBri, eta horiek babesteko tresnak eskatu ditu.