Goi-bilera
Zer eskaini diote Erresuma Batuari EBn gera dadin?
agentziak | erredakzioa
David Cameron lehen ministro britainiarrak esan du Tusken planak “bi eremuetako onena” eskaintzen diola Erresuma Batuari; hori dela eta, akordioa espero dute.
Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek goi-bilera egingo dute gaur eta bihar, eta Erresuma Batuak Europar Batasuna ez uzteko akordioa lortzen saiatuko dira, eskatzen dituen erreformak beteta eta gainerako estatu kideen oniritziarekin.
Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak proposamen bat aurkeztu zuen otsailaren hasieran, Londresen eta EBko gainerako estatu kideen arteko harremanak nolakoak izan behar diren negoziatzeko, eta Erresuma Batuak EBko kide izaten jarrai dezan.
Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak esan du proposamena "justua" dela Erresuma Batuarentzat eta gainerako estatu kideentzat, baina azken negoziazioek ez omen dute bermatzen hurrengo 48 orduetan akordioa adostea.
David Cameron lehen ministro britainiarrak ere uste du Tusken egitasmoak "bi eremuetako onena" eskaintzen diola Erresuma Batuari, merkatu bakarrean sartzeko aukera ematen diolako, eurotik kanpo egon arren, eta Europako Kontseiluan ahotsa izatea ahalbidetzen diolako, Schengenen mugarik gabe.
Tusken proposamenak Cameronen aldarrikapen polemikoenetako bati ere ematen dio erantzuna, immigrazioaren arazoa konpontzeko eskariari, hain zuzen ere, premiazko neurri gisa EBko langile atzerritarrei laguntzak kentzea aintzat hartuta.
Negoziazioaren puntu gatazkatsuenetako bat da hori, baina Cameronek bere helburua lortzea espero du, iritzi publikoaren aurrean garaile moduan agertzeko, eta Brexit-a ("British exit") edo Erresuma Batua EBtik ateratzea saihesteko.
Tusken proposamena
Gobernu ekonomikoaren, lehiakortasunaren, subiranotasunaren, gizarte laguntzen eta zirkulazio askearen ingurukoak dira Tusken proposamenak.
Gobernu ekonomikoari dagokionez, Tuskek estatuen arteko errespetua proposatzen du, batasun ekonomikoan sakondu nahi dutenen eta nahi ez dutenen artekoa, hain zuzen ere.
Horretarako, Eurogunetik kanpo dauden herrialdeek lege baten kontrako kexa arrazoitua aurkez dezakete, Kontseiluan eztabaida dadin.
Bestalde, Eurogunetik kanpo dauden herrialdeek ez dute aurrekontu ardurarik izango, eta subiranotasuna izango dute, besteak beste, bankuen eta merkatuen berrikuspena edo likidazioa egiteko, EB osoari eragiten dioten kasuetan izan ezik.
Lehiakortasunari dagokionez, EBk barne merkatua indartzeko eta inguru aldakorrari egokitzeko konpromisoa hartzen du.
Subiranotasuna da Cameronek Bruselari egin dion beste eskaeretako bat. Tusken dokumentuak aitortzen du Erresuma Batuak ez duela "EBren barruan batasun politiko handiagoa izateko konpromisorik", eta estatuek eskumena dutela erabakitzeko EBren ekintzek estatu barrukoek baino mesede handiagoa egiten ote dieten herritarrei.
Onura sozialen eta zirkulazio askearen kasuan, Tuskek proposatzen du Erresuma Batuan bizi diren pertsonek, seme-alabak beste estatu kide batean badituzte, bizi diren lekuan hezteak izango lukeen kostuaren zati bat soilik jasotzea.
Immigrazioaren kasuan, premiazko kasuetan EBtik joandako immigranteei gizarte laguntzak eteteko aukera ematen du, eta gutxienez lau urte eman beharko dituzte Erresuma Batuan bizitzen laguntzak jaso ahal izateko.
Premiazko mekanismo hori abian jartzeko, hala ere, gehiegizko immigrazioaren ondorioz zerbitzu publikoek hondoa jo dutela erakutsi beharko dute.