Itxi

Immigrazioaren drama

Epaile batek Calaiseko etorkin kanpamendua eraistea agindu du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

4.000 pertsona bizi dira kanpamenduan. Horietako 350-400 adingabe dira.

Calaiseko kanpamendua. EiTB

Frantziako epaile batek Calais herrian dagoen etorkin kanpamendua eraistea agindu du, Errepublikako Gobernuak nahi zuen bezala.

Asteartean, bertatik 1.000 etorkin joateko epea amaitu zen, eta agintariek ohartarazi dute indarra erabiliko dutela behar izanez gero, beste leku batera eramateko.

Calaisen dauden etorkinek Erresuma Batura heltzea dute helburu, eta, horretarako, Mantxako Kanala zeharkatzen saiatzen dira, askotan kamioetan sartuta. Horren ondorioz, askotan zirkulazio arazoak izan dira, eta frantziar herriko auzokideak haserre daude.

Bernard Cazeneurve Barne ministroak esan du modu mailakatuan hustuko dutela kanpamendua, eta beste kanpamendu batzuetan etorkin guztientzako lekua dutela gaineratu du.

"Berri txarrak dira, baina hemendik ez da mugituko inor", ohartarazi du 42 urteko pakistandar batek.

Guztira, 4.000 pertsona bizi dira Calaiseko kanpamenduan, eta agintariek 2.000ra jaitsi nahi dute kopurua.

Erakunde humanitarioek salatu dute kanpamendua hustea etorkinen oinarrizko eskubideak urratzea dela, eta bertan dauden 350-400 adingabeen sufrimendua areagotzea ekarriko duela.

Albisteak (1)

Bideoak (1)