NAZIOARTEKO GATAZKA
Misil gehiago jaurtiz erantzun die Ipar Koreak NBEk ezarritako isunei
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ipar Koreako Armadak sei misil jaurti ditu bart, Wonsan hiritik; 100-150 kilometroko bidea egin dute lehergailuok, eta Ekialdeko Japoniako itsasora erori dira.
Irismen laburreko sei misil jaurti ditu Ipar Koreak, Wonsan hiriaren erdigunetik, gaur goizaldean. Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak, aste honetan, ezarritako isunei erantzun die modu horretan Ipar Koreako Gobernuak. NBEn ebazpenean jasotako neurri berriek herrialdearen egoera ekonomikoa eta krisi humanitarioa okertuko dituztela uste dute agintari korearrek.
Armadak jaurtitako misilek 100-150 kilometroko bidea egin dute, eta Ekialdeko Japoniako itsasora erori dira.
Ondorioz, Txinak nazioarteari dei egin dio, gatazkaren aurrean arduraz jokatzeko eskatuz. Elkarrizketa-mahaia berriro abian jartzea eskatu du Pekinek, akordioa erdieste aldera: Ipar eta Hego Korea, AEB, Japonia eta Errusia dira mahai horretan eseri eta konponbidea adostu beharko luketen herrialdeak, Txinaren aburuz.
Bien bitartean, bart jaurtitako misilen nondik norakoak jakiteko ikerketa abiatu du Seulek. Adituen iritzian, KN-01 motako misilak izan daitezke, iazko ekainean egindako jaurtiketan erabilitakoen berdinak.
Hori baieztatuko balitz, hau da, KN-01 motako lehergailuak badira bart botatakoak, NBEren Segurtasun Kontseiluaren bost ebazpen urratuko lituzke Ipar Koreak. Dena dela, irismen laburreko misilak direnean, 'ohikotzat' jotzen ditu jaurtiketak Nazio Batuen Erakundeak, eta ez ditu aparteko neurriak hartzen.
Segurtasun Kontseiluak atzo onartutako 2270 ebazpenean, urtarrilean eta otsailean Pyongyangek egindako saiakera nuklearragatik isunak ezarri ziren. Besteak beste, Ipar Korean ikuskaritza zorrotzagoak egitea eta armagintzarekin lotutako produktuen gaineko kontrola areagotzea onartu ziren.
/p>
/p>