Bisita historikoa
Obama Kuban da, AEBren hurbilketa islatzeko
Agentziak | Erredakzioa
Duela 88 urte joan zen AEBko presidente bat Kubara azkenengoz; hilaren 22ra arte izango da bertan. Obamaren esanetan, bisita 'lehen urratsa baino ez da', bi herrialdeen arteko erlazio berrien artean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidentea Kuban dago, hilaren 22ra arte, Kuba eta AEBren arteko hurbilketa bermatu eta islatzeko asmoz.
Habanara heldutakoan, Obamak nabarmendu du bisita historikoa dela, baina bi herrialdeen arteko erlazio berrian 'lehen urratsa baino ez' dela esan du.
Adierazpenok AEBk Kuban duen enbaxadan egin ditu, langileak eta horien familiak agurtzeko egin duen ekitaldian. Hainbat ume zeudenez, Obamak esan du espero duela ume horiek ikustea, hazten direnean, 'ohiko kontua dela AEBko presidentea Kuban egotea'.
''¿Que bolá Cuba?'', Twitterren
Barack Obamak mezu atsegina jarri du Twitterren, Habanan lur hartu bezain laster; gaztelaniaz, ‘¿Que bolá Cuba?’ txiokatu du. Esamolde hori oso naturala da Kubako herritarren artean.
¿Que bolá Cuba? Just touched down here, looking forward to meeting and hearing directly from the Cuban people.
— President Obama (@POTUS) 20 de marzo de 2016
'Hemen lurreratu berri, irrikan nago Kubako jendearekin batzeko eta horien berri zuzenean jasotzeko', gehitu du, ingelesez, Obamak bere txioan. @POTUS Barack Obamaren profil ofizialak txiokatu du mezu hori.
Obama eta familiakoekin, Nancy Pelosi Alderdi Demokratak Ordezkarien Ganberan duen liderra, Patrick Leahy eta Dick Durbin senatari demokratak eta Jeff Flake senatari errepublikanoa ere joan dira. Politika eta enpresa munduko lider gehiago ere joan dira Kubara, baina beste hegazkin batean.
Hainbat ekitaldi
Hainbat ekitalditan hartuko du parte Obamak asteartera arte. Duela 88 urte joan zen AEBko presidente bat Kubara azkenengoz, eta bi herrialde horiek 2014ko abenduan iragarritako hurbilketa bultzatzea du bisitak helburu.
Habanara heldutakoan, AEBko enbaxadara joan da Obama, eta enbaxadako langileekin eta horien senideekin bildu da bertan. 2015eko uztailean ireki zuten berriro, harreman diplomatikoak berriro ezarri zituztenean.
Jarraian, Obama eta emaztea Habana Zaharretik ibili dira, eta katedrala bisitatu dute; bertan, Jaime Ortega kardinalak hartu ditu.
Agenda ofiziala astelehenean hasiko da; Jose Martiren omenezko monumentua bisitatuko du, eta Raul Castro Kubako presidentearekin bilduko da.
Asteartean, Obamak diskurtsoa egingo du, eta telebistak emango du. Kubako herritarrei zuzenean hitz egingo die.
Zurizko Dama eta Kubako Erregimenaren aurkako lagun ugari atxilotu dituzte Habanan, iganderoko martxa amaitutakoan
Zurizko Dama ugari (50 inguru) eta Kubako Erregimenaren kontrako hainbat lagun atxilotu dituzte Habanan, gaur, igandero egiten duten martxa amaitutakoan; besteak beste, El Sexto grafitigilea edo Antonio Gonzalez Rodiles atxilotu dituzte. Gobernuaren aldekoek beste manifestazio bat egin dute, Zurizko Damek egindakoari aurre egiteko.
Erregimenaren kontrakoen protestak. Argazkia: EFE
Martxa baketsua izan ohi den horren amaieran, Santa Rita elizatik irten ostean, Zurizko Damak ohiko ibilbidetik at dauden beste kale batzuetara joaten saiatu dira. Gobernuaren aldekoak zeuden bertan, eta oihu artean hartu dituzte.
Barack Obama AEBko presidentea heldu baino lehentxeago gertatu dira istilu horiek. Duela 46 aste egin zuten lehen aldiz, eta, ordutik, igandero egin dute protesta.
dute protesta.