Bisita historikoa
Obama, Castroren aurrean: 'Kubaren aurkako blokeoa amaitu egingo da'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iraultzaren Jauregian egindako agerraldian, Obamak esan du blokeoa bukatzeko presioa gero handiagoa dela AEBtako Kongresuan.
Barack Obama AEBtako presidentea ziur agertu da eta herrialde horrek Kubaren aurka duela 50 urte baino gehiago ezarri zuen blokeo ekonomikoa “amaitu” egingo dela nabarmendu du. Alabaina, ez da ausartu esatera hori noiz izan daitekeen.
Habanako Iraultzaren Jauregian Raul Castrorekin egin duen agerraldian, Kubara egin duen bisita ofizialean AEBtako 40 legegilek lagundu izana, tartean zenbait errepublikano, oso esanguratsua dela esan du; izan ere, bere esanetan, Kongresu estatubatuarrean blokeoa bukatzeko presioa gero eta handiagoa da.
Obamaren iritzian, 50 urte luzetan indarrean dagoen neurri hori AEBen nahiz Kubaren “interesen kontrakoa da”.
Hortaz, esparru ezberdinetan “urratsak” emango dituztela iragarri du, hala nola, Internet konexio bermatzeko, kultura eta hezkuntza hartu-emanak izateko, itsas bidaiak egiteko, osasungintzan nahiz zientziaren alorrean.
“Estatubatuarren adiskidetasuna helarazteko etorri naiz Kubara; azkeneko mende erdian pentsaezina izan da AEBtako presidente batek Habanara bisita ofizialean joatea; gaurkoa aro berri baten hasiera da”, nabarmendu du.
Raul Castrok, berriz, bi herrialdeen arteko harremanak normalizatzeko bidean pausoak emateko prestasuna agertu du, baina Kubaren garapenerako oztoporik handiena blokeo ekonomikoa dela gogoratu dio Obamari.
“Kubaren etorkizuna kubatarrek erabakiko dute”
Bestalde, presidente estatubatuarrak adierazi du Kubaren etorkizuna Kubako herritarrek erabakiko dutela, eta ez beste inork. “Kubaren etorkizuna kubatarrek erabakiko dute, eta ez AEBk edo beste herrialde batzuek”.
Hala ere, Obamak ohartarazi du oraindik ezberdintasun asko dituztela eta lanean jarraitu beharko dutela. Ildo horretan, berretsi egin du presio egingo dutela Kuban demokrazia ezartzeko eta giza eskubide unibertsalak betearazteko, besteak beste, adierazpen askatasuna, biltzeko askatasuna eta gurtza erlijiosorako askatasuna.
“Bost hamarkadatan harreman zaila izan ostean, Kubak eta AEBk ezberdintasun ugari ditugu, demokraziaren eta giza eskubideen alorrean, adibidez; baina gai horien inguruan ere elkarrizketa zintzoak izan ditugu”, nabarmendu du.
nabarmendu du.