Siriako gerra
Zaatari, Siria txiki bat Jordaniako basamortuan
Mikel Ayestaran | EiTB
Mikel Ayestaranek eitb.eus-entzat egindako artikulua, bertan, Jordanian, munduko bigarren errefuxiatu esparrurik handienean, ETBrako egindako hiru erreportajeak eta argazkiak ikus daitezke.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Siriako bonbetatik eta atxiloketa masiboetatik ihesi, ia ezer gabe mugatik gertu zegoen leku seguru batera joandakoak biltzen dituen eremua da Zaatari. Asmoa bizitokira albait lasterren itzultzea bazen ere, lau urte daramatzate errefuxiatuek Jordaniako kanpamentu honetan. 80.000 lagun bizi dira munduko bigarren errefuxiatu eremu handiena den honetan. Siria txiki bat da, Jordaniako basamortuaren bihotzean.
Zaatariko errefuxiatuek ez dute Europa jomuga, ez dute-eta mafiei ordaintzeko nahikoa diru. Gehien behar duten unean bizkar ematen dien Europaren jarrera deitoratzen dute. Bost kilometro koadroko eremu itxian bizi dira, Jordaniako Armadak babestuta. Errefuxiatu eremutik ateratzeko Barne Ministerioaren baimena behar dute. Trukean, osasuna, hezkuntza, aterpea eta hilean pertsonako 25 euroko laguntza dituzte.
Behin-behineko kontua zena luzatu egin da, eta Siriara bueltatzeko ideia du buruan batek baino gehiagok. Ez da erraza izango. Errusiak Al-Asaden gobernuari emandako babesari esker, Siriako iparraldean eta erdialdean galdutako eremuak berreskuratzen hasi da erregimena. Zaatarin bizi diren errefuxiatu gehienak hegoaldekoak dira, han hasi zen Baxar al-Asaden kontrako matxinada 2011ko martxoan. Orain indartuta dagoen erregimen harengatik egin zuten ihes, eta, beraz, beltz ikusten dute etxera bueltatzeko aukera.
Bien bitartean, errefuxiatuen bizimodua hobetzeko lanetan ari dira elkarte humanitarioak: argindarra eta saneamendua hobetu dituzte, eta kanpadenden ordez, etxe prefabrikatuak eraiki dizkiete. Erronka handienak, baina, hezkuntza eta enplegu alorrean dituzte. Euren familiei laguntzen ibili baino, umeak eskolara joatea edota lan egiteko moduan diren gizonei enplegu-baimena ematea, hain justu. "Duintasunez bizitzea, hori da helburua. Lortzen ez duen bitartean, jendeak beti bilatuko du duintasunez bizitzeko leku bat", ohartarazi du Hovig Etyemezian ACNUReko kide eta kanpamentuko arduradun nagusiak.