Itxi

1976ko Konstituzioa

Kubak konstituzioa berrituko du, azken aldaketak jaso ditzan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Raul Castrok adierazi duenez, Biltzar Nazionalak onartu beharko du berriztatze-prozesu hori.

Raul Castro Kubako presidenteak gaur iragarri duenez, hurrengo urteetan konstituzioa berriztatuko dute sozialisten "eguneraketa" planeko eraldaketak jaso ditzan, baina egungo sistema politikoaren eta sozialaren "izaera ezeztaezina" aldatu gabe.

Alderdiko VII. Biltzarraren aurrean egin duen mintzaldian Castrok adierazi du berriztatze-prozesu hori aurretik Biltzar Nazionalean onartu beharko dela, eta "herritarren parte-hartzea" egotea aurreikusten du.

"Eredu ekonomikoaren eta sozialaren eguneraketarekin lotutako aldaketa garrantzitsuak kontuan hartuta, Konstituzioan egiten ari garen guztia islatu behar dugu, herriarekin eztabaidatu eta erreferendum batean bozkatu", azaldu du Castrok.

Kubako presidentean gogoratu duenaren arabera, egungo Kubako Konstituzioa 1976an onartu zen erreferendum bidez, eta, ondoren, moldaketa partzialak izan zituen 1992an eta 2002an "aldatzen joan diren zirkunstantzia historikoei eta baldintza ekonomiko eta sozialei erantzuteko".

Raul Castro presidenteak aurretik ere inoiz planteatu du Konstituzioa erreformatzeko aukera, 2011ko apirilean egindako Kubako Alderdi Sozialistaren biltzarrean onartu ziren erreforma ekonomikoak eta sozialak jaso eta Kubako eredu sozialista "eguneratzeko".

Albisteak (1)