Istiluak
27 lagun atxilotuta Parisen, lan erreformaren aurkako protestetan
Agentziak | Erredakzioa
Goizaldean istiluak izan dira Errepublika Plazan. Polizia burua estalita zeukaten gazteei oldartu zaie.
Frantziako Poliziak 27 lagun atxilotu ditu bart agenteen eta burua estalita zuten gazteen artean Parisko Errepublika Plazan izandako istilu larrietan.
Atzokoa mobilizazio eguna izan zen Frantziako hiriburuan, lan erreformaren aurkako hainbat manifestazio deituta baitzeuden. Milaka lagunek parte hartu zuten kaleratzeak erraztuko dituen erreformaren kontrako martxetan.
Errepublika Plaza husteko asmoz, han zeuden gazteei oldartu zaie bart Polizia, eta burua tapatuta zuten lagunek aurre egin diete. Istilu larriak izan dira: manifestariek ibilgailuak erre, eta harriak eta kaletik kendutako lauzak bota dituzte.
Azken 30 egunetan, erreformaren kontra dauden gazteek Errepublika plaza "okupatu" dute, "eserialdi baketsuak" eginez.
Bart atxilotutako 27 lagunetatik 24 Poliziaren zaintzapean geratu dira. "Istiluak eragin nahi zituzten lagunak ziren gehienak", azaldu du Pierre-Henry Brandet Barne Ministerioko bozeramaileak.
Guztira, ostegunetik 124 lagun atxilotu ditu Frantziako Poliziak. Horrez gain, 24 agente zauritu ziren istiluetan; horietako bat larri dago, zementu bloke batek burua kolpatuta.