Protesten artean
Zerga eta pentsioen erreforma onartu du Greziako Parlamentuak
Agentziak | Erredakzioa
Asteleheneko Eurotaldea bildu baino lehen erreforma-sorta onartzeak erreskateari lagunduko diola ziurtatu du Greziako Exekutiboak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Zerga eta pentsioen erreforma onartu du Greziako Parlamentuak. Hala, nazioarteko hartzekodunekin dituen konpromisoak betetzea espero du Gobernuak. Sindikatuek hiru eguneko mobilizazioak egin dituzte.
Syrizak eta Greziar Independenteek (ANEL) bat egin, eta Exekutiboaren proposamenak onartu dituzte, aldeko 153 boto jasota. 143 parlamentarik eman dute kontrako botoa.
Horrela, zerga zuzenak nahiz zeharkakoak eta pentsioak erreformatu ditu Gobernuak. Neurri horiekin, urtero 5.400 milioi euro aurreztea espero du Exekutiboak, eta 2018an BPGaren % 3,5eko superabita espero du Gobernuak, udan sinatutako hirugarren erreskateak aurreikusi bezala.
Astelehenean Eurotaldea bildu baino lehen erreforma-sorta onartzeak erreskateari lagunduko diola esan du Greziako Exekutiboak. Greziak premiazkoa du erreskatearen dirua jasotzea, uztailean zorraren ordainketa garrantzitsuak egin behar baititu.
Parlamentuan bozkatuko dute, sindikatuek hiru eguneko mobilizazioak deitu ondoren. Greziako sindikatu nagusiek 48 orduko greba orokorra egin zuten ostiralean eta larunbatean, eta, igandean, manifestazioak egin dituzte Atenasko erdialdean eta Parlamentuaren aurrean.
Protestarik jendetsuena ADEDY sektore publikoko sindikatuak deitu du. 10.000 pertsona inguru bildu ditu Ganberaren aurrean.
Greziako Parlamentua. Argazkia: EFE
Bost pertsona atxilotu dituzte istiluetan
Manifestari talde batek molotov koktelak, harriak eta suziriak bota dituzte. Poliziak negarra eragiteko gasa eta granadak jaurtiz erantzun du.
Greziako Poliziaren eta manifestari taldeen arteko liskarrak izan dira, eta bost pertsona atxilotu dituzte. Protestek zenbait orduz jarraitu dute Exarjia auzoan, hiriburuaren erdialdean.
Igande goizean, PAME sindikatuak elkarretaratzea egin du. Poliziaren arabera, 7.000 pertsonak parte hartu dute bertan. GSEE sektore pribatuko sindikatu nagusiak, bere aldetik, 1.500 pertsona bildu ditu beste protesta batean.
Gainera, igandean lanuzteak egin dituzte hiriburuko garraio publikoan.