GREZIA
Greziaren 'zorra leuntzeko akordioa' lortzea espero du euroguneak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Maiatzaren 24an Eurotaldeak egingo duen bileran eztabaidatuko dituzte zorra leuntzeko neurriak.
Euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroek Greziaren zorra "epe motzera, ertainera eta luzera" begira leuntzeko neurriak eztabaidatzea adostu dute, gaur, Bruselan. Eztabaida hori maiatzaren 24an egingo du Eurotaldeak, eta bertan akordio bat erdiesteko itxaropena agertu dute.
"Euroguneko lan-taldeak agindua jaso du, batez ere, zorra teknikoki aztertzeko, epe motzera, ertainera eta luzera begira", esan du Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak, bileraren ondoren, hedabideen aurrean egin duen agerraldian. Zehaztu duenez, maiatzaren 24ko bileran akordioa lortzea espero du.
Hirugarren erreskatea berraztertuko dute ondorengo egunotan Greziak eta bere hartzekodunek, eta maila teknikoan akordioa ixten ahaleginduko dira.
Zorraren jasangarritasunari dagokionez, Dijsselbloemek esan du erreferentzia datuak ezarriko direla, neurgailu gisa. Greziako zorraren finantzazio behar gordina jasangarria izatea da helburua.
Marra gorriak
Eurotaldeko presidenteak nabarmendu duenez, soilik bi marra gorri jarriko dituzte: ez da kita nominalik onartuko eta erreskatearen programako funtsezko gaietan ez da aldaketarik ametituko.
Hortik aurrera, hainbat neurri adosten hasiko dira. Zorra epe motzera leuntze aldera, esaterako, zorraren kudeaketa optimizatzeko bide berriak aztertuko dituzte, Greziari kostuak murrizteko.
Epe ertainari dagokionez, berriz, besteak beste, ordainketarako epemuga luzeagoak ezartzeko aukera jarriko dute mahai gainean.
Eta epe luzera begira, Eurotaldea prest dago, Greziak superabit helburuak beteko balitu, programaren amaieran zorra leuntzeko neurri bereziak hartzeko.