Itxi

Denboralea Frantzian

Milaka kaltedun Parisko inguruetan, uholdeak direla eta

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Sena ibaiak gainez egin du, eta, ondorioz, Louvre museoa itxi behar izan dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Milaka pertsona ebakuatu egin behar izan dituzte Parisko inguruetan, Sena ibaiak gainez egin baitu eta uholdeak jazotzen ari baitira.

Agintarien esanetan, ia 4.000 pertsona ebakuatu dituzte Sena eta Marne departamenduan igandean denboralea hasi zenetik. Gainera, 24.000 sendi argindarrik gabe izan dira.

Sena ibaiaren emaria 5,10 metrora igo da gaur Parisen, eta, ondorioz, Frantziako hiriburua alerta laranjan dago. Goia bihar joko du, ia 6 metrora iritsiko baita.

Ingurumen Sailak prebentzio neurriak hartzea eskatu die ibaitik gertu dauden enpresei, baina gogorarazi du pertsonentzako eta garraioentzako arriskua emaria 7 metrora igotzean hasiko litzatekeela.

Alerta gorria emaria 7,30 metroko muga pasatzean helduko litzateke, baina agintariek baztertu egin dute hori gertatzea.

Esan bezala, urek bihar joko dute goia, baina, harrezkero, maila jaitsi egingo da.

Aldirikako trenaren hainbat lineatan zerbitzua bertan behera utzi behar izan dute; ez uholde arriskuagatik, baizik eta aireztapen sistemak kalteak izateko arriskua dagoelako.

Nolanahi ere, 1910eko uholde historikoak baino txikiagoak dira egunetakoak.

Louvre, itxita

Testuinguru honetan, Louvre museoak ixtea erabaki du, uholde arriskua duten lekuetako artelanak babesteko.

Horren ildotik, artelan horiek goiko solairuetara eramango dituzte.

Parisko museoa munduko bisitatuena da, urtean 9 milioi bisitari baititu, eta 2002an uholdeak prebenitzeko plan bat onartu zuen.

“Hondamendi egoera”

François Hollande Frantziako presidenteak iragarri du asteazkenean "hondamendi egoera" deituko duela kaltetutako eramuetan, kaltedunei kalte-ordainak emateko.

Manuel Valls lehen ministroak eta Bernard Cazeneuve Barne ministroak Krisi Egoetarako Zentroa bisitatu dute gaur, eta egoera “zaila” dela aitortu dute.

Bideoak (2)