Tiroketa Floridan
Trumpek eta Clintonek atsekabea adierazi dute Floridako tiroketagatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
49 pertsona hil eta beste 53 zauritu dira. Polizia ekintza terrorista gisa ikertzen ari da tiroketa. Erasotzailea jatorri afganiarra duen 29 urteko gizonezko estatubatuarra da.
Hillary Clinton eta Donald Trump, hurrenez hurren, AEBren presidentetzarako demokraten eta errepublikanoen hautagaiek beren atsekabea azaldu dute homosexualak elkartzen diren Floridako lokal batean izandako tiroketagatik. 49 pertsona hil eta beste 53 zauritu dira eta horietako batzuk egoera kritikoan daude.
"Floridako albiste izugarriarekin esnatu naiz. Informazio gehiagoren zain, nire pentsamendua ekintza ikaragarri horren kaltetuekin dago", adierazi du Hillary Clintonek haren Twitter kontuan.
Woke up to hear the devastating news from FL. As we wait for more information, my thoughts are with those affected by this horrific act. -H
— Hillary Clinton (@HillaryClinton) 12 de junio de 2016
Trumpek ere Twitterren erantzun du: "Tiroketa benetan beldurgarria. Polizia balizko terrorismo ekintza izan litekeena ikertzen ari da. Hildako eta zauritu asko".
Really bad shooting in Orlando. Police investigating possible terrorism. Many people dead and wounded.
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) 12 de junio de 2016
Erasotzailea Omar Mir Sediq Mateen ei da jatorri afganarra duen 29 urteko estatubatuarra, Polizia iturriek CBS telebista kateari baieztatu diotenez. Iturri horien arabera, erasotzaileak ez zuen aurrekaririk, baina loturak zituen erradikal islamiarrekin.
Polizia "terrorismo ekintza" gisa ikertzen ari da Orlandoko tiroketa.