Referenduma Erresuma Batuan
'Brexit'aren aukerak aurrera egin du inkestetan
EFE
'Brexit'aren indarrak urduritasuna eraman du burtsetara. Bestalde, EBtik ateratzeko aukerari babesa emateko eskatu die ‘The Sun’ egunkariak irakurleei.
Referendumerako zortzi egun falta direnean, 'Brexit'ak aurrera egin du inkestetan. Gainera, EBtik ateratzeko aukerari babesa emateko eskatu die The Sun egunkariak irakurleei.
The Times, The Guardian eta The Daily Telegraph egunkariek argitaratu dituzten inkestek Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko kanpaina (Brexit) garaile jotzen dute referendumean. Europako blokean jarraitu ala ez erabaki behar dute britainiarrek ekainaren 23an. 1973an bat egin zuten EBrekin.
‘Brexit’aren indarrak urduritasuna eraman du burtsa nagusietara.
The Times-en inkesta YouGov enpresak egin du. ‘Brexit’i % 46ko babesa ematen dio azterketak, hiru puntuko gorakada iragan asteko inkestarekin alderatuta. Bitartean, EBn jarraitzearen aldekoak % 39 dira soilik.
ICMk The Guardian-entzat egindako inkestak ere antzeko emaitza aurreikusten du. Bi kanpainen arteko aldea sei puntukoa dela dio azterketak. ‘Brexit’ak % 53ko babesa jaso du. David Cameron lehen ministroak babesten duen aukerak, ostera, % 47koa.
Hirugarren inkesta ORB enpresak egin eta The Daily Telegraph-ek argitaratu du. EBtik alde egiteko aukerak % 49ko babesa jasoko du, aurrekoan baino bi puntu gehiago. Cameronen kanpainak, aldiz, ez du aldaketarik eta babesa % 48an kokatu da.
Etorkinak
EBn jarraitzeko aukerak hilabeteak eman ditu buruan, baina iragan astean ‘Brexit’ak aurrera egin zuen inkestetan, etorkinen arazoa eztabaidagai nagusia bihurtu zenean.
Gainera, ‘Brexit’aren aldeko kanpainak The Sun egunkariaren bultzada jaso du. Azalean EBtik alde egiteko boza ematea eskatzen die egunkariak irakurleei, editorialean.
The Sun Erresuma Batuko egunkaririk salduena da, batez ere langileen artean. ‘Brexit’ari babesa ematen dion lehen egunkaria da, baina beste batzuek ere datozen egunetan gauza bera egitea espero da.
itea espero da.itea espero da.