'Brexit'aren ostean
David Cameronen ordezkoa hautatzeko prozesua, abian
Agentziak | Erredakzioa
Kontserbadore britainiarrek bost hautagairen artean bozkatu behar dute Parlamentuko hainbat bozketatan. Azken bozketa batean biren artean zirt edo zart egin beharko dute 150.000 alderdikidek.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadoreak astearte honetan ekin dio David Cameron lehen ministro eta alderdiko buruzagiaren ordezkoa aukeratzeko prozesuari. 'Brexit'a gailendu zenean, ekainaren 23an, Europar Batasuna uzteko prozesuko "kapitaina" izango ez zela iragarri zuen Cameronek, eta urrian dimisioa emango zuela gaineratu zuen.
Bost buruzagi kontserbadorek aurkeztu dute euren burua prozesu honetarako: Theresa May Barne ministro eta faborito nagusiak, Andrea Leadsom Energia ministroak, Michael Gove Justizia Ministerioaren buruak, Stephen Crabb Lan eta Pentsioen Ministerioko arduradunak eta Liam Fox aukera gutxien omen dituen Defentsa ministro izandakoak.
Bozketa 12:00etan hasi da Parlamentuan. 331 diputatu kontserbadorek dute botoa emateko aukera. Bozketaren emaitzak 20:00etan emango dituzte ezagutzera, eta babes gutxien duen hautagaia prozesutik kanpo geratuko da. Ostegunean beste bozketa bat egingo dute, eta horrela jardungo dute, bi hautagai bakarrik geratu arte.
Alderdiko 150.000 kidek izango dute azken hitza, bion artean aukeratu beharko baitute azken bozketa batean.
Faborito nagusia denak, Theresa Mayk, Europar Batasunean geratzearen aldeko kanpaina egin zuen, eta hain justu, horrek kalte egin diezaiokeela uste dute kontserbadore askok. Izan ere, Europar Batasunarekin negoziatzeko 'Brexit'aren aldeko hautagai bat egokiago litzatekeela iritzi diote.
Hala, Andrea Leadsom izan daiteke beste aukeretako bat, Boris Johnson Londreseko alkate ohiak haren hautagaitza babestu baitu. Berez, Johnson zen Cameronen lekukoa hartzeko faboritoa, baina joan den astean aukera hori baztertu zuen Michael Gove Justizia ministroak bere hautagaitza aurkeztuko zuela jakin zuenean.
May, Leadsom eta Govez gain, Stephen Crabb eta Liam Fox izango dira lidergoaren lehian.