Nizako atentatua
Nizako atentatuaren lekukoak: 'Jendeak alde guztietara egin du ihes'
EITB.EUS
Ingelesen pasealekuan jatetxea duen herritar baten arabera, "beldur handiko uneak izan dira, jendeak alde guztietara egin du ihes".
Errepublikaren Eguna sarraski batekin amaitu da bart Frantzian: gizon batek gutxienez 84 lagun hil ditu Nizan kamioi batekin harrapatuta.
Jendetza zegoen pasealekuan kamioarekin sartu eta ahalik eta jende gehien harrapatzen saiatu da atentatugilea. Erasoa Ingelesen etorbidean izan da, 23:20 aldera.
Turismo askoko etorbidea da berez, eta uztailaren 14a jai nazionala izanda, erasoaren unean lepo zegoen. Su artifizialak ikusteko milaka lagun bilduta zeuden Ingelesen etorbidean.
Trafikoarentzako itxita zegoen pasealekuan sartu da ibilgailua, eta gelditzeko esan diotenean abiadura handitu du, ahal zuen jende gehiena aurretik eramaten. Bi kilometroko ibilbidea egin du kamioiak, Poliziak gidaria tiroz hil duen arte. Lekukoek adierazi dutenez, ez du bidea zuzen egin, esker eskuin bolante-kolpeak eman ditu ahalik eta jende gehien harrapatzeko.
Inguruan zeuden herritarrek kamioia ikusi ez badute ere, tiro hotsak entzun dituzte. Poliziak kamioi-gidaria tiroz hil du. Hilotzak nonahi utzi ditu gidariak, izua nagusi zen egoera horretan, herritarrak alde batetik bestera korrika egiten zeuden.
Ingelesen pasealekuan jatetxea duen herritar baten arabera, "beldur handiko uneak izan dira, jendeak alde guztietara egin du ihes. Gure jatetxea hondartzan dago. Serbilletak eta toallak eman dizkiogu jendeari, ezin dugu esan zenbat diren, baina zauriturik edo okerrago zeudenak lurrean zeudenei".
Atentatua izan eta berehala, herritarrak euren etxeetatik ez irteteko eskaera egin dute agintariek eta etxetik kanpo zeudenak, ahalik eta gutxien mugitzeko. Pasealekuaren inguruetako jatetxe eta hotelek ateak zabaldu dizkiete nora joan ez zekiten herritarrei babeslekua emateko.
Frantziarrek euren etxeetako ateak ere zabaldu dizkiete laguntza behar duten herritar guztiei, “Ateak zabalik” traola sare-sozialetan berehala erabiltzen hasi dira euren eskaintza behar duenari helarazteko
Sare sozialetan berehala zabaldu diren argazkietan gorpu asko ikus daitezke errepidean, eta telebistako irudietan trailer handi bat ikusten da inguruan, ustez erasotzaileak atentatua egiteko erabili duena.
Informazio jasotzeko telefonoak
Espainiak Nizan duen Kontsulatuak eta Espainiako Gobernuko Ministerioak Nizako atentatuengatik kaltetuei eta haren familiei informazioa jasotzeko telefonoak jarri dizkiete. Kontsulatuak 0608717988 telefonoa jarri du martxan Frantziatik deitzen dutenentzat eta 00 33 608717988 telefonoa deia Espainiatik egiten dutenentzat. Halaber, 0493722222 telefonoa jarri dute Frantziatik, familiei eta biktimei bideratuta.
Errepublikaren Eguna sarraski batekin amaitu da bart Frantzian: gizon batek gutxienez 84 lagun hil ditu Nizan kamioi batekin harrapatuta.Errepublikaren Eguna sarraski batekin amaitu da bart Frantzian: gizon batek gutxienez 84 lagun hil ditu Nizan kamioi batekin harrapatuta.