Itxi

Nizako atentatua

Gutxienez bost lagun atxilotu dituzte Nizako atentatuarekin lotuta

Agentziak | Erredakzioa

Atxilotuen artean sarraskia eragin zuen gizonezkoaren (Lahouaiej Bouhlel) emazte ohia eta haren bi ezagun daude.

EFE

Frantziako Poliziak hiru pertsona atxilotu ditu gaur Nizan, ostegun gauean hiri horretan jazo zen atentatuari buruzko ikerketaren harira. Horrenbestez, dagoeneko bost dira atxilotutakoak.

Atentatuaren egilea Mohamed Lahouaiej Bouhlel izan zen, eta atzo bere emaztea atxilotu zuten François Molins Errepublikako fiskalaren arabera. Egun horretan bertan beste gizonezko bat ere atxilotu zuten, baina ez da bere nortasunaren berri eman, eta goizalde honetan beste hiru lagun atxilotu dituzte bi operazio desberdinetan.

Europe 1 irrati-etxeak zehaztu duenez, poliziaren operazio berezien taldeak (RAID) eta polizia judizialaren Ikerketa eta Esku-hartzeen Brigadak Lahouaiej Bouhlelen bi ezagun atxilotu dituzte Nizako etxebizitza berean, tren-geltokitik gertu. Hirugarren atxiloketa gaur goizeko lehen orduetan egin da.

Hedabideek ez dute zehaztu Nizako Ingelesen pasealekuan atzo matxete batekin atzitu zuten gizona terroristarekin lotuta egon ote daitekeen.

Ikerketak

Frantziako arduradunek gaur ikerketa-lanekin jarraitzen dute eraso horren zioak argitzeko asmoz. Haren ondorioz, 84 pertsona hil dira, horien artean 10 haur eta nerabe, 200 pertsonatik gora zaurituta daude, horien artean 52 larri.

Fiskaltzak ikerketa bat zabaldu hilketa eta hilketa saiakerengatik, baita aginte publikoa duten pertsonak hiltzea saiatzeagatik ere (tirokatu zituen poliziak) eta terrorismoagatik.

Bernard Cazeneuve Barne ministroak atzo azaldu zuenez, ikerketa horrekin argitu nahi da ea erasotzaileak beste batzuen aginduei erantzun zien, "Estatu Islamikoaren etengabeko mezuen erantzun" zien edota desoreka psikikoren batengatik.

Ministroak adierazi zuen momentuz ez dagoela hura muturreko islamismoarekin lotzeko elementurik. Aitzitik, harreman hori bazela esan zuen Manuel Valls gobernuburuak: Bouhlel "terrorista bat zen zalantzarik gabe", jihadismoarekin lotutakoa "era batera edo bestera".

Albisteak (6)