Itxi

Frantzia

Lagarde epaituko dute, ministroa zela 'zabarkeria' egiteagatik

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendariari egozten diote bideratu zuela, Ekonomia Ministerioaren arduraduna zenean, funtsa publikoak bidegabe erabiltzea.

Christine Lagarde. Argazkia: EFE.

Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendari gerentea Frantzian epaituko dute, ustez funtsa publikoak bidegabe erabiltzeagatik. Hala erabaki du ostiral honetan Kasazio Gorteak, instantzia judizial gorenak.

Prozesua 2007an hasi zen, Lagarde Frantziako Ekonomia ministroa zela (2011ra arte egon zen karguan); azkenean, ezin izango du epaiketa saihestu. Duela hilabete batzuk berriro hautatu zuten, bost urterako, Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendari.

Auzitegiak, Fiskaltzaren gomendioari jarraituz, arbuiatu du Lagardek aurkeztutako helegitea, epaiketara ez joatekoa zena.

Lagarderi egozten diote "zabarkeria" egin zuela; hain zuzen, funtsa publikoak ustez bidegabe erabili zituen. Lagardek onartu zuen Bernard Tapie enpresariak kobratu behar zuen kalte-ordain bat arbitraje pribatu batek erabakitzea, ez justizia arruntak. Adidas kirol-fabrikatzailea saltzeagatik kobratu behar zuen kalte-ordain hura Tapiek.

404 milioi euro

Arbitrajeak erabaki zuen 404 milioi euro eman behar zitzaizkiela politiko ohi eta handikiari; izan ere, Adidas 1994an saldu zuenean, Estatuak gainbalio handiegia jaso zuen, Credit Lyonnais bankuaren bidez.

Gobernuko kideak epaitzeko gaitasuna duen auzitegi bakarreko epaileek uste dute arbitrajea erabaki zuela Lagardek Tapieri mesedea egiteko. Gainera, Estatuko Parte-hartzeen Agentziak esana zion garaiko Ekonomia ministroari ez jotzeko irtenbide horri.

Ministro ohiari egotzi ere egozten diote bitartekaritzaren epaiari ez ziola helegiterik jarri, nahiz eta jakin bazekien benetako aukera zegoela indargabetua izateko.

Kasazio Gorteak helegitea arbuiatu duenez, Lagarde epaituko dute, ez dute esan noiz.

Albisteak (1)