AEB-ko hauteskundeak
Clintoni espioitza egitea eskatu dio Trumpek Errusiari
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hautagai demokratak agintariei entregatu ez dizkien 30.000 mezu elektronikoak topatzeko deia egin dio Errusiari.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Donald Trump AEBko Alderdi Errepublikanoaren presidentegaiak deia egin dio Errusiari Hillary Clinton hautagai demokrataren komunikazioak pirateatzeko eta "desagertutako" 30.000 mezu elektronikoak topatzeko.
Ustez, AEBko Estatu idazkari (Atzerri ministro) ohiak 30.000 mezu elektroniko ezabatu zituen postontzi ofizialetik, eta zerbitzari pribatu batera igorri zituen, Gobernuaren zerbitzarietan kopiarik utzi gabe.
"Errusia, hau entzuten ari bazara, desagertutako mezu elektronikoak topa ditzazula espero dut. Gure hedabideek ondo ordainduko lukete hori", adierazi du Trumpek, Miamitik gertu dagoen Doral herrian eskainitako prentsaurreko batean.
If Russia or any other country or person has Hillary Clinton's 33,000 illegally deleted emails, perhaps they should share them with the FBI!
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) 27 de julio de 2016
Asteburu honetan, Demokraten Batzorde Nazionalaren barne komunikazioak pirateatu zituzten, eta alderdiaren 19.000 mezu elektroniko filtratu zizkioten Wikileaksi. Mezu horietan, hauteskunde primarioetan alderdiko zuzendaritzak Clinton lehenetsi zuela egiazta daiteke, Bernie Sanders beste hautagaiaren kalterako. Pirateo eta filtrazio horren egilea Errusia dela uste dute demokratek.
Horren ildotik, Trumpek saihestu egin du Errusia kritikatzea: "[Vladimir] Putinek jakingo du zer egiten duen".
"Zintzoa izango naiz: Errusiak edo Txinak mezu elektroniko horiek badituzte, pozik ikusiko nituzke", gaineratu du.
Alderdi Demokratatik, Jake Sullivan Atzerri politikako aholkulariak eman dio erantzuna Trumpi: "lehen aldia da alderdi handi baten hautagaiak atzerriko potentzia bati espioitza egitea eskatu diona".