Itxi

Polemika

Trumpek dio armak maite dituztenek Clinton geldiarazi dezaketela

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Adierazpen horiek polemika handia piztu dute. Ondorioz, azalpenak eman behar izan ditu Trumpek.

Donald Trump, AEBtako presidentegai errepublikanoa. Argazkia: EFE

Donald Trump AEBtako presidentegai errepublikanoak polemika handia piztu du armen kontrola ezartzeko beharraren inguruan egin dituen adierazpen batzuengatik. Izan ere, armak maite dituztenek Hillary Clinton hautagai demokratak presidentetza ez lortzea eskura dutela iradoki du Trumpek. Alde horretatik, armen jabetza eta salmenta kontrolatzeko asmoz Clintonek epaile liberalak hautatuko lituzkeela ziurtatu du.

Astearte honetan, Ipar Carolinan izandako jendaurreko ekitaldi batean, Trumpek ziurtatu du Cinton presidentegaiak “Konstituzioaren bigarren emendakina” bertan behera utzi nahi duela. Artikulu horrek, armak izateko eskubidea aitortzen die herritarrei.

“Horrenbestez, epaileak hautatzen baditu ezin izango dugu ezer egin. Hala ere, armak maite dituztenek hori saihesteko neurriak hartu ditzakete. Ez dakit”, esan du Trumpek.

Hala, adierazpen horiek hautsak harrotu ditu demokraten eta armak kontrolatzea defendatzen duten herritarren artean. Era berean, Trumpek Hillary Clinton hautagai demokratari edota epaile liberalei eraso egiteko deia egin duela salatu dute askok.

Beste alde batetik, Tim Kaine alderdi demokrataren presidenteordegaiak adierazpen horiek gaitzetsi ditu. “Herrialdearen ardura hartu dezakeen pertsona batek ez luke horrelako adierazpenik egin behar izango, are gutxiago presidentea izateko hautagai batek”, esan du Kainek.

Trumpen azalpena

Geroago, Donald Trumpek polemika handia piztu duten adierazpen horiek argitu ditu Twitterren: “Hedabideak etsita daude eta arreta desbideratu nahi dute. Konstituzioaren bigarren emendakina defendatzen dugun herritarrok bat egin behar dugula izan da esan dudan gauza bakarra!”.

t='utf-8'>

Albisteak (4)